Lea-Artibai taldeak BBK Sariketaren finalerako txartela lortu du
Lea-Artibaik Busturialdea kanporatu du Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren finalaurrekoan. Lea-Artibaiko taldeak Uribe Kostaren kontra jokatuko du finala azaroaren 29an, Bilboko BBK Aretoan.
Busturialdeak eta Lea-Artibaik Arratzuko Barrutialde BHIn jokatu dute gaur [azaroak 17] bigarren eta azken finalaurrekoa, eta eskualdeko bertsolariek lortu dute jokoan zegoen finalerako txartel preziatua.
Hortaz, Lea-Artibaik eta Uribe Kostak lehiatuko dute azaroaren 29an Bilboko BBK Aretoan jokatuko den finala; Uribe Kostak Uribe Butroeri irabazi zion astelehenean Abadiñoko Errota Kultur Etxean jokatutako finalaurrekoa. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak finala ikustera joateko gonbitea egin diete herritarrei.
Bertsolariak. 18 urtera artekoekin hasi da gaurko finalaurrekoa, eta etenaldi baten ostean, 18-25 urte bitartekoek egin dute euren saioa. Lehen atalean, Lea Artibaitik Amaiur Galdos, Ariane Sololuze eta Ziara Larrinaga aritu dira bertsotan, eta Busturialdetik Aitzol Unzueta, Ismael Aomar eta Jokin Ansotegi. Nagusietan, Aissa Intxaustik, Garazi Navarrok eta Irune Basagoitik osatu dute Lea-Artibaiko taldea, eta Iker Uriartek, Janire Arrizabalagak eta Koldo Muñizek osatuk dute Busturialdekoa.