Master Goxua txapelketako hiru partida jokatuko dira asteburuan
Gisasola eta Zalduegi finalaurrekoetarako sailkatu dira. Atzo [azaroak 17] Bustindui eta Ezpeletaren kontra jokatu zuten partida irabazi zuten.
Master Goxua txapelketako beste lau partida jokatuko dira aste honetan. Atzo [azaroak 17] jokatu zen lehenengoa, zapatuan [azaroak 20] jokatuko dituzte beste bi, eta domekan [azaroak 21] laugarrena.
Gisasola-Zalduegi eta Aritz Bustindui-Ezpeleta bikoteen arteko lehia egon zen atzo arratsaldean frontoi txikian. Gisasolak eta Zalduegik 18 eta 10 irabazi zuten norgehiagoka, eta garaipen horregaz finalaurrekoetarako pasea eskuratu dute. Bustindui eta Ezpeletak nahiz eta galdu, oraindik aukerak badituzte, eta aurrera egiteko txartela lortzeko borrokan jarraituko dute.
Zapatuan, ohi modura, 17:00etan hasiko da jokoa. Lehenengo Eneko-Ube eta Urki-Atxur bikoteen arteko norgehiagoka jokatuko da, eta ondoren, Balsera-Subilla eta Atano-Martzel ariko dira zein baino zein gehiago. Domekan, berriz, Igor Jaio-Aitxulua eta Onagoitia-Arrate bikoteak neurtuko dira. 13:00etan jokatuko dute partida.
Finalaurrekoak atarian daude eta apurka-apurka norgehiagokan aurrera egingo duten bikoteak erabakitzen joan beharko dira. Oraindik hainbat partida jokatzeko daude, eta beraz, astegunetan ere jokatu beharko dituzte batzuk. Abenduaren 11an jokatuko dira finalaurrekoak, eta maila bakoitzeko lau bikote igaroko dira horretara.