Urtarrilean hasiko da XVI. Beteranoen Esku Pilota Txapelketa, Lekeition
2022an 40 urte betetzen dutenek edo hortik gora dutenek urtarriletik aurrrera domekero esku pilotan jokatzeko aukera edukiko dute Lekeition. Kiroldegira joanda, telefonoz deituta (94-624 30 05) edo WhatsApp bidez izena eman daiteke (605 77 54 45).
Lekeitioko Akarregi pilota taldeko kideek esan dute aurten pandemia dela-eta ez dela txapelketarik egin, baina iragarri dute urtarrilean hasiko dela XVI. Beteranoen Trinketeko Esku Pilota Txapelketa. Beraz, 2022an 40 urte betetzen dutenek edo hortik gora dutenek urtarriletik aurrera domekero esku pilotan jokatzeko aukera edukiko dute Lekeition. Parte hartu nahi dutenek kiroldegian izena eman behar dute, eta urtarrilaren 2a da horretarako azken eguna. “Telefonoz deituta (94-624 30 05) edo WhatsApp bidez ere izena eman daiteke (605 77 54 45)”.
Udalaren laguntzagaz, txapelketa antolatzen jarraitzearen alde egin dute antolatzaileek: “Euskal Herriko txapelketa bakarra da, ezin dugu jarraipenik gabe utzi. Hala, berriro bueltatu gara edizio berri bat martxan jartzeko”. Azaldu dute partaidetza eta adiskidetasuna mantentzeko, kanporaketetako partiduetan tanteadorak ez direla kontutan edukitzen eta berdinketa gertatuz gero partida berria jokatuko dela. Bide batez, aurreratu dute partidak domeka goizetan izango direla eta pilota goxoagaz ariko direla; urtarrilean hasi eta martxoan amaituko da txapelketa.
Azpimarratu dute helburua jende nagusiak parte hartzea dela. Gainera, etorkizunean txapelketa Euskal Herriko Txapelketa bilakatzea nahi dutela esan dute. Beraz, inguruko herrietako bizilagunei animatzeko eta txapelketara batzeko gonbitea egin diete.
2020an. Iaz zortzi bikote aritu ziren, eta hainbat herritakoak izan ziren: Lekeitio, Eibar, Deba, Mallabia, Elgoibar, Berriatua, Mendaro eta Garzaron (Nafarroa). Txapelketa hura Eñaut eta Iban Gandiaga anaiek irabazi zuten.