Abian da osagai polimeriko handia duten gailu medikoen ideia lehiaketa
Azaro Fundazioak eta Leartiker BRTA Zentro Teknologikoak abiarazi dute lehiaketa ekintzaileei ezagupenak eta azpiegiturak eskaintzeko asmoz. Proiektuak aurkezteko azken eguna abenduaren 12a izango da.
Ekintzailetza teknologikoko proiektu askok ideiak garatzeko, prototipoak egiteko edo industrializazio faserako garapenak prestatzeko arazoak izaten dituztela ikusita, Health Idea Flow ideia lehiaketa jarri dute martxan Azaro Fundazioak eta Leartiker BRTA Zentro Teknologikoak. Osagai polimeriko handia duten gailu medikoekin erlazionatutako ekintzailetza proiektu berriak hauteman eta sustatzea dute asmoa.
Lehiaketara osagai polimeriko handia duten gailu medikoen ideiak edo lehen prototipoak dituzten ekintzaileak aurkeztu ahal izango dira, bakarka zein taldeka, eta irabazleei baliabide eta erraztasunak eskainiko dizkiete proiektua Leartikerren eta Azaro Fundazioaren instalazioetan garatu ahal izateko. “Gainera, aukeratutako proiektuak Bizkaiko berrikuntza ekosistemaz baliatu ahal izango dira harremanak egin eta beraien garapenak aurkezteko”, argitu dute.
Modalitate bi. Ideia berritzaileak sarituko dituzte alde batetik, hau da, ideiatik prototipora heltzeko beharra duten ekintzailetza proiektuak, eta prototipoaren lehen eredu bat izanda, hori hobetu edota industrializazio faserako prestatzeko beharra izan dezaketen ekintzailetza proiektuak bestetik. Esan dutenez, terapia aurreratuekin lotutako proiektuak lehenetsiko dituzte.
Hautatzen dituzten proiektuek, gailu medikoen, materialen eta 3D inprimaketaren diseinuko adituen aholkularitza izango dute, eta negozio ikuspegitik ere aztertuko dituzte.
Proiektuak aurkezteko azken eguna abenduaren 12a izango da. Horretarako interesa daukatenek, Azaro Fundazioaren web orrialdean dituzte oinarriak eta proposamenak aurkezteko bete beharko duten proiektuaren fitxa. Dokumentazioa bete ondoren, posta elektronikoz bidali behar da Azaro Fundazioaren ondorengo helbide elektronikora: azaro@azarofundazioa.com.
Jakinarazi dutenez, epaimahaia Azaro Fundazioak, Leartiker Zentro Teknologikoak, Bexen Medical eta Basque Health Cluster elkarteak osatuko dute. Irabazleak abenduaren 22an emango dituzte ezagutzera.