Bost film emango dituzte Euskal Zine Bileraren lehiaketako bigarren saioan
19:00etan, Lekeitioko Ikusgarri aretoan eta online egongo dira ikusgai filmak, eta gustukoenak bozkatzeko aukera egongo da gauerdira arte.
Gaur [azaroak 23] ere Euskal Zine Bileraren lehiaketako filmak ikusteko aukera egongo da Lekeitioko Ikusgarri aretoan 19:00etan eta baita ere Internet bidez.
Iazko eredua mantendu dute aurten ere, eta beraz, lehiaketa bateratua izango da eta ez dira lan profesional eta amateurrak bereiziko. Hala, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak emango dituzte. Horrez gain, ikusleek ere, puntuak eman eta erabakiko dute ikusleen sari bereziaren irabazlea. Gauerdira arte egongo da egun bakoitzean filmak ikusi eta gustuko filma bozkatzeko aukera. Lehiaketako filmak eguenera [azaroak 25] arte egongo dira ematen, egunez egun.
Sail Ofizialeko bost film labur emango dituzte gaurkoan:
- Haur erbesteratuak. Egilea: Mikel Mendizabal Cristobal; Iraupena: 29’30”.
Sinopsia: 1936ko gerran, faxisten erasoa ikaragarria izan zen eta bonbardaketa ugarien ondorioz adin guztietako pertsonak hiltzen zituzten. Eusko Jaurlaritzak haurren erbesteratzea antolatu zuen 37.000 haur izan ziren atzerriratuak Europara eta Ameriketara. 5 lekukoek kontatzen dute gertatutakoa. - Erroak. Egilea: Sergio Azkarate Maestro; Iraupena: 18’19”.
Sinopsia: Arabako probintziaren herri ezberdinetako biztanleen istorioak jarraituz, Arabako landa-eremuaren egoera ezagutuko dugu, non despopulazioak herri txiki asko husten ari dituen. Eta herri hauetako biztanleen ametsak ere ezagutuko ditugu, landa-eremu hau bizirik mantentzeko borrokan ari direlarik. - Rewind. Egilea: Amaia San Sebastian; Iraupena: 2’18”.
Sinopsia: Bake-leku argitsu eta garbi batean, emakume bat bere kabuz irtengo da, guri begira, patu beldurgarri batetik ihes eginez eta askatasunerantz ibiltzen. Existitzen ez den toki batean, denbora nabigagarrian, zinta magnetiko batean bezala, Rewind-Play-FastForward. - Barraskiloentzat iganderik ez. Egilea: Ainhoa Urgoitia eta Enrique Rey; Iraupena: 13′.
Sinopsia: oana egunero bezala bere barraskilo haztegira doa, naturak ez baititu igandeak ulertzen. - Deia. Egilea: Khuruts Begoña Urutia; Iraupena: 12’22”.
Sinopsia: 2019an planeta berri bat aurkitua izan da. Bizigarria, arnastu ezin den atmosferagatik ez balitz. 2020an, Euskal Espazio Agentziak (E.E.A.) gizaki bat bidali du bere bizigarritasun aukerak aztertzeko. Planeta hau Dibok da.