Abenduan ailegatuko dira 12 urtetik beherakoentzako lehen dosiak
Positiboen goranzko joeragaz kezkatuta agertu da Gotzone Sagardui Osasun sailburua. 900 positibo baino gehiago daude momentu honetan.
Aurreikuspenen arabera, abenduan 12 urtetik beherakoentzako lehen dosiak iristea espero dutela esan du gaur [azaroak 25] Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. EMA Europako Medikamentuen Agentziak oniritzia eman dio 5 eta 11 urte bitarteko haurrei ere Pfizerren txertoa jartzeari. 12 urtetik gorakoei baino dosi txikiagoa jartzea bamendu du. Helduei bezala, bi dosi jarriko dizkiete umeei ere, batetik bestera hiru asteko tartea utzita.
Positiboen goranzko joeragaz kezkatuta agertu da sailburua, 900 positibo baino gehiago daude-eta momentu honetan, eta egoera hori eragina izaten ari da osasun-sisteman.
Osasun sailburuak azaldu duenez, plantako 200 ohe eta ZIUetako 50 okupatuta, neurri zorrotzagoak hartu beharko lituzkete, esaterako, osasun larrialdia. Sagarduik gogorarazi du pandemia ez dela amaitu, eta txertaketak mugarri bat jarri badu ere, birusarekin bizitzen jarraitu behar dela: “Txertoa defentsa handia da, baina ez bakarra. Txertoa hartu behar da, zalantzarik gabe, baina neurriak ere mantendu behar dira: distantzia mantentzea, maskara erabiltzea, espazio itxiak aireztatzea eta jende pilaketak saihestea”. Hirugarren dosiari dagokionez, Osasun Publikoaren Batzordeak osasun-langileentzat eta 60 urtetik gorakoentzat hirugarren dosiaren txertaketa onartu duela argitu du, eta, beraz, baliabideak jarriko direla txertaketa pixkanaka aurrera eraman ahal izateko.
Bestalde, Osasun sailburuak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak lege tresnak eskatzen jarraitzen duela egungo pandemia egoerari aurre egiteko beharrezko neurriak hartu ahal izateko. Atzoko [azaroak 24] Lurralde arteko Osasun Kontseiluaren bileran, txertaketa taldeei hirugarren dosia aurreratzea, pediatriako txertoaren etorrera bizkortzea, kanpoaldean maskara nahitaez erabiltzea eta egoera jakin batzuetan Covid ziurtagiria erabiltzea proposatu zutela jakitera eman du, baina, esan duenez, Espainiako Gobernu Zentralak ez zuen erantzunik eman.
Bestalde, EAEko Auzitegi Nagusiak COVID ziurtagiriari emandako ezezkoaren ostean, kasazio helegitea jarri du Eusko Jaurlaritzak Espainiako Auzitegi Gorenean. Atzo [azaroak 24] arratsaldean jakinarazi zuen erabakia. Azaldu dutenez, COVID ziurtagiria eskatzea «proportzionala» dela defendatu dute helegitean, “eskubideen murrizketak beharrezkoak baitira baldin eta goragoko eskubide bat defendatzeko badira”; kasu honetan, «osasunaren babesa eta bizitzeko eskubidea».