Lehiaketako azken bost filmak emango ditu Euskal Zine Bilerak
Gauerdira arte edukiko dute ikusleek gustukoenak bozkatzeko aukera. Barikuan [azaroak 26], 21:00etan, Euskal Zine Bilera zuzenean konektatuko da Hazparneko Zinegin jaialdiagaz.

Euskal Zine Bileraren lehiaketako azken bost filmak proiektatuko ditu gaur [azaroak 25] Lekeitioko jaialdiak. Ikusgarri aretoan zein zine bileraren webgunearen bidez ikusi ahalko dira gaurko filmak ere, eta gauerdira arte edukiko dute ikusleek gustukoenak bozkatzeko aukera.
Lehiaketako filmez gain, gaur ere euskal animazioko filmak proiektatuko ditu jaialdiak. Atzo [azaroak 24], Animadeba jaialdiaren eskutik eskaini zituen EZBk lehen animaziozko filmak, eta Animadebako Ane Ibarzabal eta Aitor Oñederrak festibalaren berri ere eman zuten. Gaur 19:00etan animaziozko beste hiru film labur emango dituzte: Izibene Oñederraren Hezurbeltzak (5’), Kote Camachoren La gran carrera (7’) eta Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun (13’).
Gaur [azaroak 25] ikusi ahalko diren sail ofizialeko azken filmak berriz, ondorengoak izango dira:
- Serendipia. Ivan del Campo Uribarrena (16’). Sinopsia: Serendipia ezusteko aurkikuntza bat da. Puntako euskal birologo bat, laborategi batean koronabirusaren txertoaren ikerketan murgulduko da konfinamenduaren egunetan.
- Yauri Etxalde. Pello Seron Esnal eta Unai Zaballa Clares (21’). Sinopsia: Juanan, Getxoko Yauri etxaldean bizi izan da beti, herrian abereak dituen azkena. Erretiroa hartu eta bertan Beñat hasi da lanean, 34 urteko gazte kaletarra. Elkarrekin tradizioa eta modernitatea lotuko dituzte, galtzear dauden bizimodu eta Getxoko euskara XXI. mendera ekarriz.
- Ate joka. Iban Gorriti (1’30’’). Sinopsia: Ate-joka’ urteak eta udak bete eta pasatzeari buruzko alegoria da. Uda bukaeran, udazkena ate-joka. Bizitzaren udazkena ate-joka…
- N.B.ren erretratu bat. Peio Agirre (24’). Sinopsia: Ikus-entzunezko hau Nestor Basterretxea artistaren (1924-2014) erretratua eta biografia da aldi berean. Hondarribiko Idurmendieta baserrian artistak zuen argazki-artxibotik abiatuta egina ia oso-osorik. Ikus-entzunezko hau dokumentala eta saiakera da aldi berean. Bertan, XX. mendeko artista baten bilakaera ikusten dugu, modernitatearekin eta alderdi herrikoiarekin ere konprometitua.
- Atzelariak. Maddi Arzallus eta Iñigo Alkorta (6’05’’). Sinopsia: Ander eta Xuban, parrandan egon ondoren, goizaldean etxera itzultzen dira. Nahi gabe, aurretik doan neska baten bide beretik doaz. Ez dute izutu nahi baina beraiek izango dira sorpresa hartuko dutenak.
Gaualdia. Barikuan [azaroak 26], 21:00etan, Euskal Zine Bilera zuzenean konektatuko da Hazparneko Zinegin jaialdiagaz. 10. Zinegin euskal zinemaldia gaur [azaroak 25] hasi eta 28ra bitartean egingo dute, eta barikuan jaialdi biek bat egingo dute Gaualdi berezian.
Bi jaialdiek Non dago Mikel? filma proiektatuko dute aldi berean, eta ondoren, Hazparnetik zuzenean Kristof Arotsarenak gidatutako solasaldian parte hartuko du Lekeitioko jaialdiak. Amaia Merino zuzendariagaz eta senide bategaz solasaldia egongo da Hazparnen.
Non dago Mikel? filma proiektatu aurretik Hazparneko jaialdia ezagutzeko aukera ere eskainiko du Lekeitioko jaialdiak; Euskal Zine Bilerak zuzeneko elkarrizketa bat egingo die Zinegineko arduradunei.
Ikusgarri aretotik jarraitu ahalko da Zinegin jaialdiagaz batera egingo den Gaualdia. Sarrerak euro bi balio ditu eta Lekeitioko kultur etxean edo Ikusgarri aretoan eskuratu daitezke.
Ikusgarri aretotik eta Internet bidez ere jarraitu ahalko da barikuan Pantaila Irekia ataleko euskal animaziozko filmak ikusten. Koldo Almandozen Hubert Lemonen azken hegaldia (10′), Aitor Oñederraren I said I would Never Talks About Politics (11′), Bego Vicarioren Jane, Tarzan ez zen horren guay (3’23”) eta Hauazkena taldearen Beti bezperako koplak (6′) filmak emango dituzte.