Eskuragarri daude Bertsolari Gazteen BBK Sariketako finaleko gonbidapenak
Lea-Artibaiko taldeak Uribe Kostaren kontra jokatuko du finala astelehenean [azaroak 29] BIlboko BBK Salan, 18:00etan.
Astelehenean [azaroak 29] Bilboko BBK Salan jokatuko den Bizkaiko Bertsolari Gazteen 29. BBK Sariketaren finaleko gonbidapenak aldez aurretik eskuratu behar direla jakitera eman du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Sarrera doakoa bada ere, formulario baten bidez izena eman behar da finalera joateko. Saioa 18:00etan hasiko da, baina BBK salako ateak 17:30ean irekiko dituzte.
Uribe Kosta eta Lea-Artibai taldeen artean jokatuko da astelehenean Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren finala. Talde irabazlea erabakiko duen epaimahaia BeƱat Romerok, Leire Etxebarriak eta Miriam Juaristik osatuko dute. Betiko modura talde bitan kantatuko dute finalean ere: lehenengo A mailakoek, hau da, 18 urtetik beherako gazteek; eta ostean, B mailakoek, 26 urtera artekoek. Beste saioetan egindako ariketak egin beharko dituzte, baina agurra taldekakoa izango da. Bestalde, bakarka egin beharreko ariketa kartzelakoak izango dira.
Antolatzaileek azaldu dutenez, txapelketan parte hartu duten bertsolari guztiek opari bat jasoko dute finalaren egunean, eta finalistek, opariaz gainera trofeoa ere jasoko dute. Sari berezi bat ere egongo da sariketa guztian kantaera onena erabili duen bertsolariarentzat.
Urriaren 8an hasi zen sariketa eta lau kanporaketa eta finalaurreko bi jokatu dira. Ohi modura, taldeka lehiatu da, eta guztira zortzi taldek parte hartu dute: Arratia, Busturia, Durango, Enkarterri-Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe-Butroe eta Uribe-Kosta. Talde bakoitzean sei bertsolarik egin dute kantuan.