Elkarretaratzea deitu dute Fagor Ederlanen "lan istripuz hil den" langilearen heriotza salatzeko
Elkarretaratzea martitzenean [abenduak 7] egingo dute, 19:00etan, Markina-Xemeingo udaletxe aurrean. Lan istripu "ez traumatikoa" izan dela dio LAB sindikatuak. "Aurten 59 pertsonek galdu dute bizitza Hego Euskal Herrian euren lanpostuetan".
Joan den barikuan [abenduak 3] zendu zen 44 urteko gizonezkoa Bergarako Fagor Ederlan lantokian. LAB sindikatuek azaldu duenez, “aurten jada 59 pertsonek galdu dute bizitza Hego Euskal Herrian euren lanpostuetan, eta horietatik hamabostek lan istripu ez traumatiko deiturikoetan, Fagor Ederlaneko bazkide eta LAB sindikatuko afiliatu markina-xemeinarrari gertatu bezala”.
LABen arabera, heriotza hori ezin da halabeharrari egotzi: “Oso irakurketa sinplista litzateke hori. Behin baino gehiagotan salatu izan dugu txanda sistemak eta bereziki gaueko lanak osasunean eragiten duen kalte fisiko eta psikologikoa: erritmo zirkadiarra kaltetzen du (gizakion prozesu fisiologikoak kontrolatzen duen giza erloju biologikoa), eta horrek hipertentsioa, estresa, nekea, insomnioa eta beste hainbat patologia eta arrisku sortzen ditu”.
“Ordua da langileen osasuna eta bizitzak aintzat hartuko dituen prebentzio politika eraginkor baten kultura sustatzeko eta langileen lan eskubideak defendatzeko”
Argi daukatela esan dute “lantokietan egiten diren arriskuen ebaluazioetan ez direla jasotzen lanak benetan sortzen dituen patologia guztiak” eta, beraz, ez dela lan osasunaren “zaintza integral eta eraginkor bat” egiten: “Hainbat eta hainbat gaixotasun profesional daude, isil-isilean eta inor konturatu barik langileen osasuna kaltetzen dutenak, eta kasu askotan langileari heriotza dakarkiotenak”.
Ordua dela diote “langileen osasuna eta bizitzak aintzat hartuko dituen prebentzio politika eraginkor baten kultura sustatzeko eta langileen lan eskubideak defendatzeko”. Eta, horretan, “administrazio publikoek erantzukizun handia” daukatela azpimarratu dute.
Hori guztiori kaleratu eta familiari babesa erakusteko elkarretaratzea deitu dute martitzenerako [abenduak 7] herriko hainbat eragilek. Elkarretaratzea 19:00etan izango da, Markina-Xemeingo udaletxe aurrean. Bergaran ere beste deialdi bat egin dute; euskal gehiengo sindikalak deituta 18:00etan jarri dute hitzordua, udaletxe aurrean.