Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitia Bizkaiko finalean ariko dira
Ibarzabalek Larrabetzuko saioa irabazita lortu du finalerako txartela, eta Galletebeitiak puntuazioz. Larrabetzuko saioan Ibarzabalek 542,5 puntu lortu zituen; finalisten artean bigarren puntuaziorik onena dauka.
Zapatuan [abenduak 4] jokatu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa. Saio hori Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarrak irabazi zuen eta, ondorioz, finalerako txartela lortu zuen. Azken finalaurrekoa jokatuta, puntuazioz finalera sailkatu direnak ere erabaki dira, eta horien artean dago Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarra.
Ibarzabalegaz eta Galletebeitiagaz batera, ondokoak dira finalean ariko diren beste bertsolariak: Etxahun Lekue, Aitor Bizkarra, Jone Uria, Gorka Pagonabarraga, Aitor Etxebarriazarraga eta Onintza Enbeita. Ibarzalek modura, Lekuek eta Pagonabarragak finalaurreko saioa irabazita lortu dute finalean aritzea, eta gainerakoak puntuazioz.
Finala abenduaren 18an jokatuko da, 17:00etan, Bilbao Arenan; zehaztu dute ateak 15:30ean irekiko dituztela.
Finalerako sarrerak erosteko hainbat bide daude: Internetez, Durangoko Azokan Bertsozale Elkartearen erakusmahaian edo finaleko egunean Bilbao Arenako txarteldegian, 12:30etik aurrera.
Finalistek lortutako puntuazioa:
- Etxahun Lekue: 547,5.
- Nerea Ibarzabal: 542,5.
- Aitor Bizkarra: 541,5.
- Jone Uria: 534.
- Gorka Pagonabarraga: 529.
- Xabat Galletebeitia: 524,5.
- Aitor Etxebarriazarraga: 520,5.
- Onintza Enbeita: 518,5.