'Salaketa' umorezko antzezlan laburra, domekan, Mendexan
Tartean Teatroaren 25 minutuko antzezlan laburra 18:00etan hasiko da, udaletxeko ganbaran. Hainbat sari irabazi ditu antzezlanak, tartean Aktore Onenen Saria.
Mikel Martinez eta Gaizka Chamizo aktoreek Salaketa obra laburra antzeztuko dute domekan [abenduak 12], 18:00etan, Mendexako udaletxeko ganbaran. Umorea oinarri legez hartuta, igarle batek esandakoa bete ez delako salaketa bat jartzera doan norbanako baten gorabeherako kontatzen ditu obrak.
Hortik abiatuta, salaketa jartzera joan denaren eta hari harrera egin dion justizia administrazioko langilearen arteko elkarrizketa jasotzen du gidoiak. “Bai bata eta baita ere bestea mila ergelkeriatan katramilatzen dira. Oro har, gizartean nahikoa zabalduta dauden usteak eta klitxeak ere azaleratzen dira”. Eta umorea ardatz bada ere, kritika ere egiten du obrak: sistema judiziala, fedea, jendeak zertan sinesten duen edo zertan sinetsi nahi duen…
Testua Goiatz Labandibarrek idatzitakoa da, eta zuzendaria Mikel Martinez bera da. Antzezlanak 25 minutu irauten dituela esan dute Tartean Teatroko kideek.
Sariak. Antzezlanak, gainera, Cafe Bar Bilbao Antzerki Laburreko saria eta Pabellon 6 aretoak banatzen dituen Antzerki Arineko Kriselu Saria eta Aktore Onenen Saria jaso ditu.