MARKArte jaialdiko 'Amua' ikuskizuna atzeratu dute
Markina-Xemeingo Udalak jakinarazi duenez, antzerki konpainian COVID-19 kasuak egon dira. Astebururako aurreikusita zeuden beste ekimen guztiak egingo dira.
MARKArte Markina-Xemeingo II. Arte Eszenikoen Jaialdiaren baitan zapatuan [abenduak 11] taularatzekoa zen Amua komedia sentimental politikoa atzeratu egin dute. Markina-Xemeingo Udalak jakinarazi duenez, antzerki konpainian COVID-19 kasuak egon dira eta ikuskizuna atzeratu egin behar izan da. Beste data bat jarri dute dagoeneko; ikuskizuna 2022ko urtarrilaren 16an eskainiko da.
Bestalde, jaialdiaren baitan asteburu honetarako antolatu diren beste ekintza guztiekin gozatzeko aukera egongo da. MARKArteri hasiera emateko, barikuan [abenduak 10], 19:00etan, Kimuak programako euskal film laburren proiekzioa egongo da Esperantza aretoan. Zapatuan [abenduak 11], berriz, dantza tailer inklusiboa egingo da 11:00etan, Uhagon kulturgunean, eta edozein herritarrek eman dezake izena, 94 616 63 03 telefonora deituta. Eta, domekan [abenduak 12], 18:00etan, ATX teatroaren Lubaki Lainotsua ikuskizuna eskainiko da Uni frontoian. Sarrerak udaletxeko kutxazainean daude eskuragarri.