Arbe eta Erkiaga, finalerdietara
Banakako Jai Alai World Tourraren lehenengo bi final-laurdenak hirugarren setean erabaki dira. Abenduaren 30eko finalerdietan Arbek eta Erkiagak elkarren kontra jokatuko dute.
Banakako Jai Alai World Tourraren lehenengo bi final-laurdenak tentsioz eta emozioz beterikoak izan dira, publikoak gozatzen duten horietakoak, alegia.
Barikuan [abenduak 17] jokatu zituzten Berriatuko Mendibarren frontoian, eta finalerdietarako txartelak Arbe markina-xemeindarrak eta Erkiaga ispastertarrak bereganatu zituzten; garesti egon ziren txartelak, eta biek ala biek ondo sufrituta lortu zuten garaipena. Hirugarren setean erabaki ziren bi final-laurdenak. Lea-Artibaiko bi puntistek elkarren kontra lehiatuko dute finalerdia abenduaren 30ean [eguena].

Argazkia: Berriatuko Zesta Eskola.
Jokin Arbe da egungo txapelduna, eta haren hitzetan, “Berriatuan giro berezia egoten da, eta pilotariek igartzen dute”.
Arbek Basqueren kontra jokatu zuen. Iparraldekoak Zabala eta Goixerri kanporatu ditu banakako txapelketa honetan, eta Arbe ere estu hartu zuen. Markina-xemeindarra ez zen eroso aritu, eta lehenengo setaren erdialdera, ezkerreko izterrean minbera sentituta, aldageletara joan behar izan zuen. Bera nagusitu zen lehenengo setean (12-8). Bigarrena 10 eta 12 irabazi zuen Basquek. Pilota apur bat motelekin, menderatu egin zuen. Iparraldekoa aurretik hasi zen berdinketa hausteko setean (0-2 eta 1-3), baina Arbek eutsi egin zuen, eta azkenengo tantoak bereganatuta, 5 eta 4 gailendu zen. Azkenengo tanto biak oso onak izan ziren, peloteatuak.
Erkiagarena eta Olharanena finalen pareko partidua izan zen, kalitate handikoa. Oso gogorra, landua eta peloteatua izan zen. Jokatzeko bi estilo edo modu desberdin dituzte Erkiagak eta Olharanek, baina biak ere azkarrak eta ikusgarriak dira. Lehenengo seta oso parekatua izan zen, hasieratik amaieraraino. Pauekoak irabazi zuen 10 eta 12. Bigarren setean, ispastertarra 9 eta 5 jarri zen aurretik, baina, Olharanek lau tanto jarraian egin, eta bederatzina berdintzea lortu zuen. Erkiagak 12 eta 10 irabazi zuen bigarren seta, eta 5 eta 3 hirugarrena.
Aste honetako partiduak. Eguenean [abenduak 23] lehiatuko dituzte beste bi final-laurdenak. Aimar berriatuarrak Ladutxen kontra jokatuko du, eta Barandika gernikarrak Lopezen kontra. 21:00etan hasiko da jaialdia, eta sarrerak 5 eurotan ezarri dituzte.
Aurreko barikuan bezala, aurrerantzeko partiduetan ere COVID ziurtagiria aurkeztu beharko da frontoira sartzeko.