Martitzen eguerdian zabalduko dute Trabakuako errepidea
Aldundiak esan du bide bat zabalduko dutela martitzenean [abenduak 21], eta zirkulazioa semaforoagaz gidatuko dutela. 115 metroko luzeran egongo da bide bakarra.
Abenduaren 10ean lur jausia gertatu zenetik, Trabakuako bidea itxita egon da. Hasiera batean esan zuten bidea bi astez egongo zela itxita. Azkenean, baina, 10 egunez egon da itxita. Izan ere, aldundiak esan du martitzenean [abenduak 21] zabalduko dutela, 12:00etan.
Momentuz bide bakarra zabalduko dute; 115 metrotan zirkulazioa semaforoagaz egongo da gidatuta. “Bitartean galtzada berriro ondo jartzeko lanak egingo ditugu”. Aurreratu dute lan guztiak martxoaren amaierarako amaituko dituztela.
Azaldu dute lur jausia gertatu zenetik gaur arte jausitako lurra kentzen, lurra sendotzen eta bestelako lanak egiten aritu direla. Martxoaren amaierara bitartean galtzada birjartzeko lanak egiten ariko direla ere esan dute.