Lekeitiarrak udaletxe aurrean batu dira 13/13 sumarioa salatzeko
Lekeitioko Udala osatzen duten alderdiek aho batez onartu dute 13/13 herri ekimenak aurkeztutako adierazpena. Ekimen gehiago egingo dira datozen egunetan, auzia salatzen jarraitzeko.
Epaiketa aurretik eta epaiketaren saio bakoitzean egin zuten modura, epaiaren zain dauden bitartean ere, 13/13 auzia salatzen jarraitzeko asmoa agertu dute Lekeition. Alde batetik, Lekeitioko Udala osatzen duten alderdiek aho batez onartu dute 13/13 herri ekimenak 13/13 auziaren inguruan aurkeztutako adierazpena, eta elkarretaratzea ere egin zen domekan [abenduak 19] udaletxeko eskaileratan.
Udalbatzak eguenean [abenduak 16] onartutako adierazpenean eta baita domekako elkarretaratzean ere “13/13 sumarioa bezalako epaiketekin jarraitzea, eta epaiketa horren ondorioz espetxeratzeak eta zigor kondenak ematea oso larria dela” adierazi zuten. Epaiketa hori “denboraz eta lekuz kanpo” dagoela salatu zuten, “euskal gizartearen bizikidetzako norabidearen kontra” doala azpimarratuz, eta, guztien artean bake eta bizikidetzan oinarritutako etorkizuna eraikitzeko konpromisoa berretsi zuten.
“Arantza Zuluetaren babeserako 13/13 dinamikako taldeari mingarri deritzogu Estatuko sektore batzuk bultzatzen duten estrategia politiko-judizial hau. Bizikidetza demokratikorako oztopoak eta eragozpenak baino ez dituzte sortarazten, eta gure herrian irekitako denbora berriaren ostean, sektore hauek jarduera honekin jarraitzen dute ‘dena da ETA’ printzipio salatzailea oinarri hartuta”, esan zuten.
Auzia salatzen jarraitzeko beste ekimen batzuk ere antolatu dituzte, eta horietan parte hartzeko deialdia egin diete herritarrei:
- Abenduaren 23an, Arantzaren aldeko txikiteoa, 19:30ean Galarrenatik irtenda.
- Abenduaren 24an, Arantza herrian, Pototo eta Liher etxian! manifestazioa, 19:30ean Eskolapetik irtenda.
- Abenduaren 31n, urteko azken barikua, 19:30ean, Eskolapean.