Lea-Artibaiko lau bikote, Bizkaiko txapeldun
Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko eta Lea Ibarra taldeko lau bikote nagusitu dira Bizkaiko kluben arteko binakako esku pilota txapelketan. Kadete 1.maila, gazte 1. maila, nagusi 1. maila eta nagusi berezi kategorietako txapelak jantzi dituzte.
31. Bizkaiko Kluben Arteko binakako esku pilota txapelketako finalak jokatu dira asteburuan, eta Lea-Artibaiko lau bikotek jantzi dituzte txapelak. Lea taldeko Gontzal Urionabarrenetxeak eta Aimar Morgaetxebarriak nagusi berezi kategorian irabazi dute, eta gazteetan ere garaipena eskuratu dute Jokin Artarazek eta Aingeru Bernaolak. Markina-Xemeingo Esku Pilota taldeko Markel Calvo eta Mikel Egurrola, berriz, kadete mailako txapeldunak izan dira eta Anderrek eta Enekok nagusien lehen mailan irabazi dute.
Galdakaoren aurka jokatu zuten finala Lea taldeko Artarazek eta Bernaolak, eta espero baino errazago ibili ziren; 22-11 irabazi zuten partida. Nagusi berezi mailan ere 9 tantoko aldea atera zioten Lemoari Urionabarrenetxeak eta Morgaetxebarriak (22-14), hala ere, partida gogor eta estua izan zen. Leako bikoteak hobeto eutsi zion norgehiagokari, sendoago ibili ziren, eta aurkarien nekea Leakoen aldeko izan zen.
Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko bikoteak ere erraz ibili ziren finaletan. Calvok eta Egurrolak 22-12 irabazi zuten Zeanuriko Joko Alai taldeko bikotearen aurkako norgehiagoka. Calvo eta Egurrola txapelketa guztian ibili dira maila onean, eta finalean ere bikote ona osatzen dutela erakutsi zuten. Malasetxebarria eta Garai ere aurrean ibili dira nagusien lehen mailan. 11 partidatik bakarra galdu zuten ligaxkan eta lehenengo geratu ziren. Finala ere erraz irabazi zuten, 22-9 irabazi zioten Lagun Arteari.