Emozioz bete hasi da Beteranoen XVI. Trinketeko Esku Pilota Txapelketa
Atzo [urtarrilak 9] jokatu ziren Lekeitioko trinketean txapelketako lehen partidak. Sei bikote ariko dira aurten lehian. Ligaxka eran jokatuko dute, eta finala martxoaren 27an izango da.
Atzo [urtarrilak 9] hasi zen martxan Lekeition XVI. Beteranoen Trinketeko Esku Pilota Txapelketa. COVID-19aren ondorioz, iaz ezinezkoa egin zitzaien txapelketa aurrera eramatea. Aurten, sei bikotek hasi dute lehia. Izan ere, txapelketa antolatzen duten Akarregi Pilota Taldekoek jakitera eman dutenez, azken orduan, Jon Etxabe eibartarrak ezin izango du parte hartu, eta bere bikotekide zen Madariagarentzat ordezko bat bilatzen ari dira.
Eibar, Elgoibar, Bergara, Mendaro, Gartzaron (Nafarroa), Berriatua, Mallabia eta Lekeitiokoak dira txapelketan parte hartuko duten pilotariak. 2020ko txapeldunak dira faboritoak: Eñaut eta Iban Gandiaga anai berriatuarrak.
Ohi modura, txapelketa domekero jokatuko da ligaxka erara, eta finala martxoaren 27an izango dela iragarri dute antolatzaileek. Argitu dutenez, tanto kopurua ez da erabakigarria izango, eta lehen lau sailkatuek jarraituko dute aurrera.
Bestalde, aurten ere Nafarroara bisita kulturala eta Gartzaroneko txapelketa egiteko asmoa daukate, eta amaieran Lea-Artibai ezagutzeko bisita bat parte hartzaile guztiekin.
Lehen partidak. Lehen jardunaldia hezetasunak baldintzatuta egon dela azaldu dute antolatzaileek. “Nahiz eta jokaldi politak ikusi, pilotariak min egiteko beldur izan dira, eta arazoak izan dituzte eroso jokatzeko”. Guztira, hiru partida jokatu ziren, eta lehenengoan, aurtengo faboritoak izan ziren nagusi. Gandiaga anaiek 30-14 irabazi zieten Rober (Bergara) eta Egañari (Mendaro).
Sakea berriatuarrena izan bazen ere, Rober eta Egaña aurretik jarri ziren partidaren hasieran (1-3). Hortik aurrera berdinduta joan zen partida, 3-3, 4-4 eta 5-5. Hortik aurrera Iban agintzen hasi zen, eta hainbat pilota sarera bideratuta 18-5 jarri ziren irabazleak. “Egañak lan ona egin zuen atze aldean izan zuen bonbardaketarako eta Rober ere ahalegindu zen, baina hezetasunaren ondorioz batetik eta pilota errazei norabide nahikorik ez ematearren bestetik, erraz gainditu zituzten iazko txapeldunek”.
Irabazleak arazo barik ailegatu ziren 27-9ra, eta hor Rober eta Egañaren susperraldi bat egon bazen ere, ez zen nahikoa izan irabazleek zeukaten abantaila txikitzeko.
Lehen jardunaldiko bigarren norgehiagoka Malax (Mendata)-Madariaga (Eibar) eta Martin (Lekeitio)-Foster (Lekeitio) bikoteen artekoa izan zen. Emozioz beteriko partida eskaini zuten bikoteek. Pareko ibili ziren bikoteak hasieratik, baina lekeitiarrek abantaila polita hartzea lortu zuten pilota denetara ailegatuta (16-24). Horrela, bazirudien lekeitiarrentzako izango zela txapelketako lehen puntua, baina mendatarra eta eibartarra ez zeuden oparirik egiteko prest, eta sakea berreskuratuta, bost tanto kateatu zituzten 24-24 berdinduz. Lekeitiarrek, baina, 24-26 jarri zuten berriro ere markagailua euren alde. Hala ere, Madariagak ondo lagunduta atzean eta Malaxek sarera pilota bideratuz sakea berreskuratu zuten mendatarrak eta eibartarrak eta partida amaitzea lortu zuten 30-26 irabaziz.
Azken partida Jaunarena (Gartzaron-Nafarroa)-Pradera (Mallabia) eta Astigarraga (Deba)-Beraza (Elgoibar) bikoteen artekoa izan zen. Jokaldi politak eskaini zituzten pilotariek. Jaunarena Astigarraga baino hobeto konpondu zen aurrean atzo. Atzean, berriz, jaun eta jabe izan zen Pradera. Astigarraga eta Beraza saiatu ziren, eta 18. tantoan lekuz ere aldatu ziren. Aldaketa horregaz aurrean tanto batzuk egiteko gai izan zen Beraza, baina Jaunarena eta Pradera gehiago izan ziren, eta 30-11 nagusitu ziren.