2023an Ondarroan ospatuko den Ibilaldirako leloa proposatu ahal da
2023an Ibilaldia Ondarroan ospatuko dela eta, Ondarroako Zubi Zahar herri ikastolak jaialdiaren leloa proposatzeko aukera zabaldu du.
Esan dutenez, edozeinek egin ahal ditu proposamenak, eta ez dute inolako baldintzarik ezarri. «Proposamenak bidaltzeko azken eguna urtarrilaren 28a da». Interesatuek ondoko posta elektronikora bidali beharko dituzte euren leloak: ibilaldia23@zubizahar.eus.
Proposamenak jasota, arduradunek gehien gustatzen zaiena edota egokiena dena aukeratuko dute. Ondarroan ospatu zen azken Ibilaldia 2011n izan zen; Lekeitioko Azkue ikastolak eta Ondarroako Zubi Zahar herri ikastolak elkarlanean antolatu zuten jaia. Orduko hartan, jaialdiak Boga! leloa eduki zuen.