Erkiagak eta Zabalak irabazi dute Jai Alai Winter Serieseko lehen partidua
A multzoko bikoteen artekoa partiduagaz hasi dute Jai Alai Winter Series txapelketa. Erkiaga eta Zabala hirugarren setean nagusi zaizkie Barandika eta Lekerika gernikarrei. Gaur gaueko B multzoko partiduan Beaskoetxeak eta Aldazabalek Arberen eta Lopezen kontra jokatuko dute.
Berezia, emozioz betetakoa. Emozio askoko partiduak bizi izan dituzte zaleek Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian, baina zapatu gauekoa bestelakoa izan zen. Askok esan dute aro berri bat, eta ate handi eta garrantzitsu bat zabaldu zaiola zesta-puntari, Jai Alairi. Kirol horri bultzada emateko ahaleginetik jaio da Jai Alai Winter Series. AEBetatik Euskal Herrira saltoa egin du zestak negu honetan.
Pilotarien eta zaleen nahia betetzen hasi dira. Azken urteotan aro berri batean murgilduta dago zesta. Frontoiak betetzen ari dira, eta gazte asko joan da horietara. Jauzi eta lorpen handia izan da hori, garai batean euskal frontoietan zesta izan zena akorduan, “lehen izan zen hori” izatea da asko eta askoren nahia. 2022. urte honetan, beste aro bat, proiektu bat, norabide bat hartu du kirol horrek.
Busturialdeko eta Lea-Artibaiko bi bikoteek partidu bikaina eskaini zieten zaleei. Horien txaloak eta animoak irabazi zituzten
Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Jon Zabala markina-xemeindarrak irabazi zuten Jai Alai Winter Series txapelketako ligaxkako lehenengo partidua, zapatu gauean [urtarrilak 29]. Baina zestak berak ere lortu zuen garaipena. Sarrerak agortuta, harmailetan giroa bero-bero egon zen, eta puntistek ez zuten hutsik egin. Ikuskizuna bermatuta egongo zela ondo baino hobeto zekien publikoak, eta kalitatez betetako jokoa eskaini zioten gaueko lau artistek.
Partiduaren aurretik, ligaxka lehiatuko duten sei bikoteak aurkeztu zituzten. Zaleek txalo artean hartu zituzten, eta ondoren hasi zen kantxako ikuskizuna zesta-puntaren katedralean.
Hirugarren seta beharrezkoa (5-3) izan zen ligaxkako lehenengo partidua erabakitzeko. Barandika-Lekerika etxeko bikotea nagusitu zen lehenengoan (12-15), eta hamalaunako berdinketaren ostean, Erkiagarentzat eta Zabalarentzat izan zen bigarrena. Busturialdeko eta Lea-Artibaiko bi bikoteek partidu bikaina eskaini zieten zaleei. Horien txaloak eta animoak irabazi zituzten. Gau handia izan zen, eta partidu handia egin zuten protagonistek.
Gau historikoaren lehenengo bi tantoak Lekerika atzelari gernikarrak egin zituen. Ondo hasi zen etxeko bikotea (0-4). Erkiaga asmatu ezinean zebilen, baina arriskatzen. Bospasei tantoko abantaila hartu zuten gernikarrek (1-6 /3-9), baina, Lea-Artibaiko bikotea ez zegoen amore emateko prest, eta eutsi egin zuten hamarnako berdinketa lortu arte. Presioari ondo erantzun zioten Lekerikak eta Barandikak. Hamabina berdintzera ere heldu ziren Erkiaga eta Zabala, baina lehenengo setean ezin izan zuten gehiago egin.
Bigarren setaren hasiera parekatua izan zen (3-3/ 6-6), eta erdialdera aurrelari ispastertarrak eztanda egin zuen. Banakako txapelduna denera iritsi zen. Bizpahiru puntuko aldeak (9-7/13-10) hirugarren seta beharrezkoa izango zela iradokitzen zuen, baina ez zegoen seta erabakita. 14 eta 11 aurretik ziren Erkiaga eta Zabala, baina Lekerikak eta Barandikak hiru puntu jarraian eginda erantzun zieten. Azken tantoa zirraragarria izan zen, bi bikoteek partiduan zehar erakutsitako jokoaren, mailaren eta oro har, talentuaren adierazgarri. Azkenean, aurrelari gernikarrak txapara bidali zuen pilota, eta partidua erabakitzeko hirugarren setera joan ziren.
Gaur gaueko partiduan Diego Beaskoetxea gernikarrak eta Ibon Aldazabal berriatuarrak Jokin Arbe markina-xemeindarraren eta Imanol Lopez zumaiarraren kontra jokatuko dute
Erkiagak egin zituen hirugarren seteko lehen bi tantoak, baina bere hutsegite batek mesede egin zien gernikarrei (2-1). Bina berdindu ostean, Barandikak eta Lekerikak hirugarrena egin zuten. Erkiagak berdindu zuen markagailua, eta aurrelari gernikarraren huts batek 4 eta 3koa jarri zuen markagailuan.
Gaur, bigarrena. A multzoko bikoteen arteko lehenengo partidua izan zen zapatuakoa, eta gaur B multzokoen txanda da. Gaur gaueko partiduan Diego Beaskoetxea gernikarrak eta Ibon Aldazabal berriatuarrak Jokin Arbe markina-xemeindarraren eta Imanol Lopez zumaiarraren kontra jokatuko dute. 22:30etik aurrera ETB1en eskainiko dute partidua.
Manzi eta Johanen garaipena. Giroa berotzeko eta etorkizuneko pilotarien jokoa ikusteko aukera eduki zuten zaleek Jai Alai Winter Seriesaren lehenengo partiduaren aurretik. Mikel Manzisidor mutrikuarrak eta Johan Sorozabal biarriztarrak 14 eta 15 irabazi zieten Alex Goitia eta Danel Mandiola markina-xemeindar lehengusuei.