#AgertxoPirata dokumentalaren estreinaldia, Berriatuan
Helmugak proiektuko kideek Aspanovasen alde 2020an egindako ekintza solidarioaren dokumentala estreinatuko dute barikuan [otsailak 4], 19:00etan.
Aspanovasi lagunduaz, minbizia daukaten haur eta nereabeen alde Helmugak proiektuko kideek Euskal Herri osoa zeharkatu zuen martxa solidarioa gauzatu zuten 2020ko uztailean, #AgertxoPirata lelopean. Eta barikuan [otsailak 4], ekintza hura zer izan zen azaltzen duen ikus-entzunezkoa estreinatuko dute, 19:00etan, Berriatuko bideo gelan.
Ander Txakartegi Helmugak proiektuaren sustatzaileak azaldu du hasiera batean proiekzio bakarra antolatu zutela, baina herritarren erantzuna hain izan den ona ze, estreinaldirako leku guztiak bete zirela eta bigarren emanaldi bat antolatu zutela etzirako; bigarren emanaldia 18:00etan izango da, bideo gelan baita ere. Eta jakinarazi dute etziko saiorako oraindik leku batzuk libre daudela. Berriatuan proiekzio bi eskaini ostean, dokumentalak herriz herriko bidea hasiko du, #AgertxoPirata zertan datzan eta Aspanovasek egiten duen lana lau haizetara zabaltzeko. «Momentuz herri batzuk ditugu lotuta, eta gero joango gara emanaldi gehiago iragartzen».
Bideoaren egileak Leire Bereikua berriatuarra, Txakartegi bera eta Mikel Etxaburu olerkigile ondarrutarra izan dira. «Ikus-entzunezkoak Etxabururen lau olerki jasotzen ditu. Baina, denaren gainetik, bereziki Bereikuari esker ona agertu nahiko nioke, hau berari esker izan da posible-eta».
Emanaldi bakoitzaren amaieran, irteeran, itsulapiko bat ipiniko dute. “Batzen den dirua Aspanovasentzako izango da”
Hunkigarria. 2020ko ekintza solidarioa hunkigarria izan bazen, bideoa beste horrenbeste dela dio berriatuarrak. «Nik askotan ikusi dut, eta ikusi bakoitzean hunkitu egiten naiz. Dokumentalak 38 minutu irauten ditu, eta hasieran zein amaieran nik ere hitz egingo dut: zeharkaldia azaltzeaz gain, #AgertxoPirata nola sortu zen eta Aspanovasek zer egiten duen ere azalduko ditut».
Dirua, Aspanovasentzako. Emanaldia amaitzerakoan, irteeran itsulapiko bat egongo dela aurreratu du. «Batzen den dirua Aspanovasentzako izango da. Saio guztietan jarriko dugu itsulapikoa». Horrez gain, aurkezpenean Helmugakek bultzatuta aurten egingo den ekintza solidarioa aurkeztuko dutela ere esan du.
Minbizia zuen Ager Aldazabal ume berriatuarrari laguntzeko sortu zen #AgertxoPirata. Bidelagunak alboan zituela, 32 ordutan bizikletagaz 600 kilometro egin zituen Txakartegik. Hasiera bateko asmoa kilometro bakoitzeko euro bat lortzea bazen ere, herritarren solidaritatea hain izan zen handia ze, azkenean 12.000 euro batu zituztela. Eta nahiz eta Aldazabal iazko ekainean zendu zen, #AgertxoPirata-k bidea egiten jarraitzen du, etenik barik.
Emanaldiak, herriz herri:
- Berriatua. Barikuan (19:00) eta zapatuan (18:00), bideo gelan.
- Lekeitio. Otsailaren 11n, 19:00etan, Ikusgarrin.
- Markina-Xemein. Otsailak 18.
- Ezkio. Martxoak 5.
- Gernika-Lumo. Martxoak 25.