(H)Ilbeltza jaialditik Uhagon kulturgunera dator 'Frankestein agurgarria'
Zapatuan [otsailak 5] eskainiko dute Ana Galarraga zientzialaria eta Petti musikaria batu dituen emanaldi musikatua Uhagon kulturgunean. Sarrerak udaletxeko kutxazainean edo egunean bertan Uhagoneko leihatilan lortu ahalko dira.
Frankestein agurgarria errezitaldi musikatuaz gozatzeko aukera egongo da zapatuan [otsailak 5] 19:00etan, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean. Ikuskizuna urtarrilaren 30ean estreinatu berri da, eta zapatukoa, bigarren emanaldia izango da.
Frankenstein agurgarria gutun baten irakurketa da. Victor Frankensteini zuzendutako gutunarena, hain zuzen ere. Ana Galarraga Aiestaran zientzia-komunikatzaile eta kultura-zaleak sortu du testua, kezka zientifiko, etiko, feministak eta literarioak txirikordatuz, eta Juan Luis Perez Mitxelena Petti musikariaren ahots eta kantuen laguntzagaz errezitatzen du.
Emanaldiaren formatuak zuzenean ikusleei berba egiteko aukera ematen duela azaldu dute: “Zein dira zientziaren mugak? Aurreikusi gabeko ondorioak daudenean, norena da ardura? Zer pisu dute, oraindik, erruak eta damuak? Zergatik ukatzen zaio aitortza Mary Shelly-ri? Lurpera liteke iragana? Nor da munstroa?”.
Emanaldirako sarrerak Markina-Xemeingo udaletxeko kutxazainean (08:15-20:00) egongo dira eskura 5 eurotan, bazkideentzako 3 euro. Egunean bertan Uhagoneko leihatilan ere egongo dira sarrerak.