Lekeitioko 'Kurik' aldizkariak agur esan du
Laugarren eta azken zenbakia atera dute KurikEroek. Ohi modura, Lekeitioko ondareari lotutako gai ezberdinak jaso dituzte bertan. Gida arkitektoniko bat ere kaleratu dute azken aldizkariagaz batera.
Herriko dendetan daukate lekeitiarrek laugarren Kurik aldizkaria. Ohi modura, Lekeitioko ondareari lotutako gai ezberdinak jaso dituzte bertan KurikEroek. Hirugarrena heriotzari lotutakoa izan zen, eta beraz, laugarrena alaiagoa izatea izan dute asmoa. Hala ere, era askotako gaiak aurkituko ditu irakurleak aldizkariko orrien artean, eta zelan ez, katuak bere umore puntua ere jarri dio.
Ohiko KurikEroez gainera –Maite Garamendi, Iñaki Goiogana eta Aitor Iturbe– artikuluak jende ezberdinak idatzitakoak dira. Batzuk aurretik ere idatzi dute Kurik-en, beste batzuentzat lehen aldia izan da. Artikulu oso landuak dira batzuk eta arinagoak besteak.
Kontakizun edo istorio alaienen artean daude besteak beste, Iñaki Irigoienek egindako idatzia Lekeition egiten den Andren aurreskua, Eguzki Dantzari buruz; Fernando Garateak Musika Bandari buruz idatzitakoa; Antzarei buruz Juan Luis Isasik idatzitako idazlana, 50 urtez antzaretan joan zen koadrila bat gogoan hartuta, eta Pau Blanchen Buruhandiei buruzko artikulua.
Horrez gain, Derioko artxiboan lan egiten duten Cristina Castillo eta Elena Kortazarrek ezkontzei buruz idatzi dute; Juan Ignacio del Cueto Ruiz-Funesek Lekeitiotik Mexikora joan zen Ordorika Bengoetxea arkitekto familiaren nondik norakoak azaldu ditu; Iñaki Libano eta Sergio Vegak Lumentza kobazuloan dauden grafitiak aztertu dituzte; Iñaki Madariaga Vallek Lekeitioko Hiru Gurutze Tokiak azaltzen ditu; Jon Zubiaurren testuak eta isurde, bale, txoriei ateratako argazkiak janzten dute aldizkariaren beste atal bat; Aitor Iturbek sagar lapurreta bati buruzko istorio bat kontatzen du, Karlisten alderdian parte hartu zuen kazetari bati buruzkoa; Anton Abaroa 1961eko Galarrenari buruz ari da; Juan Manu Ugartetxearen eskutik Maritxu Salinas lekeitiarraren kontakizunak eta bizipenak ezagutu daitezke eta Arteitatarren kontura artikulu bi daude, bata Borja Aginagalde Euskadiko Artxiboko Zuzendariak egindakoa eta bestea, Manu Ugartetxeak. Guzti horiez gain, beste zenbait artikulu txikigaz osatu dute laugarren zenbakia.
Barruan, betiko modura, ahalik eta argazki onenak eta ilustrazio ugari erantsi dituzte. Izan ere, mimo guztiagaz egindako aldizkaria da azkena ere. Jon Zubiurrek egin ditu marrazkiak, azala eta barruko katuak; bereak dira lau zenbakietako marrazkiak.
Azkena. Egileek jakinarazi duenez, azken Kurik-a izango da. Aldizkaria sortzeak, batez ere egituraketak lan handia eskatzen duela azaldu dute. Hala ere Kresaletik bildumagaz jarraituko dute. Kresaletik monografiko bat izaten da, gai bati buruz, eta, normalean egile bakarrak argitaratzen du. Horrez gain, komikien bitartez, ondarea batez ere gazteengana helarazteko egitasmo bat ere badaukate buruan.
Laugarren Kurik-agaz batera gida bat ere argitaratu dute oraingoan, eta hori ere Kresaletik bildumaren baitan txertatu dute. Aitor Iturbek egin du, eta gida arkitektoniko bat da. Ibilbide bat proposatzen dute Lekeition zehar, eta ibilbide horretan zer ikusi daitekeen azaltzen dute modu arin eta erraz batean. Horixe izan da, hain zuzen ere, egilearen helburua, eta horretarako ilustrazioez lagundu du; Joseba Markuerkiaga Markues-ek egin ditu ilustrazioak.