Ekainaren lehen asteburuan ospatuko da Etxebarriko Elizpe Rock jaialdia
Jaialdian parte hartu nahi duten musikariek zabalik daukate izena emateko aukera. Etxebarriko jaialdian bakarlari, talde zein estilo guztietako musikariek daukatela lekua azpimarratu dute.
Etxebarriko Musika Jaialdiak eman du ospakizunerako aukeratu duten dataren berri; ekainaren 4an egingo dela aurreratu dute. Aldi berean, jaialdian izena emateko epea ireki dute. Elizpe Rock-en parte hartu nahi duten musikariek mezu bat bidali behar dute elizperock@gmail.com helbide elektronikora.
Iaz arte apirilean ospatzen zen Elizpe Rock, baina iazko apirilean, COVID-19 pandemiaren kutsatu kopurua handia zela eta, jaialdia atzeratzea erabaki zuten. Azaldu dutenez, aldaketak erakutsi zien ekaina hilabete aproposagoa zela goizean hasi eta gauera arte luzatzen den jaialdi bat antolatzeko. “Merkatuagaz hasten gara goizean eta kontzertuak kanpoan dira, beraz, ekainean horretarako giro hobea egongo dela uste dugu”.
Aurten, gainera, hasierako eredura itzultzea dute helburu. “Eszenatoki bi jarriko ditugu eta kontzertuak zutik entzun ahalko dira”. Horrez gain, artisau azoka ere egingo da, eta Markina-Xemeingo EUP! irratiaren eta Ondarruko Radixuren arteko konexioa eginda irratsaio bat egitea ere badute asmoa.
“Bakarlari, talde eta estilo guztietako musikariek daukate lekua Elizpe Rock-en, eta guztiak parte hartzera gonbidatzen ditugu”, azpimarratu dute.