Ganbetik Aisti baserrirako bidea konponduko du Munitibarko Udalak
Hormigoi plaka berriak botako dituzte gunerik kaltetuenetan, eta errepide bazterrak ere atonduko dituzte, bidea urez ez betetzeko.
Munitibarko Ganbe auzoan obrak hasiko dituzte. Auzo horretatik Aisti baserrira doan bidea konpontzea erabaki du Munitibarko Udalak, baserri guneen arteko komunikazioa hobetze aldera. Bidearen egokitzapen lanak egitearen proiektua urtero-urtero egiten diren auzo batzarretatik datoz. Horietako batean adostu zuten tarte horren birmoldaketa. Halaber, Munitibarko alkate Arkaitz Goikoetxeak adierazitakoaren arabera, “inguru horretako auzokideek orain dela denboratxo batetik eskatzen ziguten bide horren konponketa”.
Obrek zati bi izango dituzte: batetik, apurtutako hormigoi plakak konponduko dituzte; bestetik, bide bazterrak ere atonduko dituzte. Izan ere, bidearen txoko askotan ez dago bide bazterrik, eta, horrenbestez, erraza da urak bidea hartzea. Bizkaiko Foru Aldundiak Munitibarko Udalari iaz emandako diru laguntzekin ordainduko dituzte konponketa lanok, eta, gutxi gorabehera, bi asteko epean amaituta egongo direla adierazi du alkateak.
Trafiko urriko tartea den arren, Munitibarko Udalak obren bigarren fasean bidearen trafikoa moldatuko duela azaldu du. Lehen fasean, bidea enkofratu egingo dute, eta, ondorioz, ez da inongo arazorik izango ibilgailuen nahiz oinezkoen pasabiderako. Hormigoi plaka berriak jarri beharko dituzte ondoren, eta orduan kartelak jarriko dituzte, auzo bizilagunek obren berri izan dezaten.