Ondarroako kaleak kolorez bete ditu inauterietako kalejirak
Lantzoi jaunaren atzetik Itsasaurre Plazarainoko ibilbidea osatu dute mozorrotuek. Dantzan eta kantuan egin dute kalejira.
Dantza, musika eta kolorez bete dira aurten, berriro, Ondarroako kaleak. Gaur [martxoak 1] goizean Ibaiondotik hasita Itsasaurre Plazarainoko kalejira egin dute herriko umeek inauteri martitzena ospatzeko. Eguraldi ona lagun, Zubi Zahar Herri Ikastolako eta Zaldupe Eskolako hainbat ikasle eta irakasle, eta baita guraso, lagun eta senideak ere batu dira mozorroen desfilera.
Askotariko mozorroak soinean dituztela Lantzoi jaunaren atzetik Itsasaurreko plazara egindako bidea kolorez eta dantzez jantzi dute beste behin ere parte hartzaile txiki, gazte eta nagusiek. Kanttoipe errebuelta orduko geldialdia egin dute, atsedena hartu edo dantzarako, eta kalejiragaz gozatzen jarraitu dute, gero, handik Itsasaurreraino.
Ikusmina eragin du kalejirak, eta asko izan dira mozorrotuak ikustera hurreratu diren herritarrak ere. Ibilbide osoan argazki, txalo eta animorik ez dute falta izan.