Txapelketa amaiera gazi-gozoa Arbe eta Lopezentzat
Jai Alai Winter Serieseko ligaxkaren azken jardunaldian nagusitu arren, Arbe-Lopez bikotea ez da finalaurrekoetara pasatu.
Argitu da Jai Alai Winter Serieserako finalaurrekora pasatuko diren puntista bikoteak zeintzuk izango diren. Hurrengo astelehenean [martxoak 7] Olharan eta Etcheto, A multzoko bigarren sailkatuak, Goikoetxea eta Aimar Aldazabal B multzoko lehen sailkatuen kontra arituko dira. Bi aste barru [martxoak 14], ostera, A multzoan lehenengo amaitutako Erkiagak eta Zabalak B multzoko bigarrenen kontra jokatuko dute, alegia, Beaskoetxearen eta Aldazabalen aurka. Final handia, berriz, martxoaren 20an hartuko du Gernika-Lumoko Jai Alai frontoiak. Bide batez, atzoko saioan ere sarrera guztiak saldu zituzten, eta frontoia ikuslez lepo egon zen.
Atzo, Jokin Arbek eta Imanol Lopezek txanponaren ifrentzu iluna ezagutu zuten, eta ligaxkatik kanporatuta geratu ziren. Izan ere, aurrera egin ahal izateko, ogibide zinez zaila zuen Arbek eta Lopezek osatutako bikote urdinak: aurkaria hutsean utzita, bi set irabaztea; hori gutxi balitz, beharrezkoa zuten Goikoetxea eta Aimarri hamar tantoko aldea ateratzea ere. Ez zen, inondik inora, norgehiagoka erraza urdinentzat, beraz. Baina, zailtasunak zailtasun, sendo hasi zuten atzoko saioa, eta aurrea hartu zioten Goikoetxea eta Aimarri: hasieran, tanto bateko eta, ostean, biko aldea [0-1, 1-2, 2-4]. Hori bai, lehendabiziko setean argi eta garbi geratu zen Goikoetxea maila oso handian dagoela, eta partiduko faktore iradokitzaileena bera izan zen.
Bikote gorriak, lehenengo, bostera berdindu zuen norgehiagoka eta, jarraian, beste bost puntuko aldea hartzera ailegatu ziren [10-5]. Urdinei dagokienez, Lopezek hartu zuen bikotearen ardura guztia; jokoa luzatzeko asmoz, pilota kantxaren atzealdera eroan zuen. Arbek ez zuen nahi besteko presentziarik izan partiduan zehar; Aimar Aldazabalek, aldiz, orain arte txapelketan erakutsitako maila onari eutsi zion, eta uneoro seguru nahiz eraginkor agertu zen. Seta bikote gorrixkak eskuratu zuen, 15-10. Harrezkero, bikote bat finalerdietarako sailkatuta zegoen, eta bestea, ondorioz, lehiaketatik kanpo. Partiduaren emozio eta intentsitate mailak beherakada izan zuen puntu horretan.
Dena dela, bikote urdinak atzoko norgehiagoka irabazteko helburu argia erakutsi zuen eta, behintzat, ligaxka garaipen eder bategaz agurtzeko aukera urratu zuten. Goikoetxeak bere jokoaren maila apur bat bajatzeagaz batera, urdinek gora egin zuten partiduan. Arbek aukera gehiago baliatu zituen kantxaren aurrealdean, eta errematatzerakoan gehiago arriskatzeko lizentzia ere hartu zuen. Horrek seta zelanbaiteko erraztasunagaz irabaztera eroan zituen Arbe eta Lopez, 8-15, eta hirugarren setean be ildo berari eutsi zioten: 3-5. Horrenbestez, Goikoetxea eta Aimar Aldazabal igaroko dira Jai Alai Winter Series txapelketako finalaurrekora, atzoko bi garaileak, Arbe eta Lopez, kanporatuz.