Mugikortasun murriztua dutenen aparkalekuetako iruzurrak kontrolatzeko kanpaina abiaraziko dute Ondarroan
Datorren astetik aurrera, ibilgailu horiek identifikatu eta jabeak salatuko dituzte. Aparkaleku hauek behar bezala erabiltzea etika kontua dela esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak.
Mugikortasun murriztua duten pertsonentzako aparkalekuetan ematen diren iruzurrekin amaitzeko kanpaina abiaraziko du Ondarroako Udaltzaingoak datorren astetik aurrera. Ondarroako udaltzainburuak azaldu duenez, aspaldian asko dira trikimailu ezberdinak erabiliz mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzako erreserbatutako aparkalekuak behar ez bezala erabiltzen dituztenak, benetan beharrizana daukatenei euren eskubidea urratuz. Ibilgailu horiek identifikatu eta jabeak salatuko dituzte hemendik aurrera.
Zehaztu dutenez, erabilera okerra kasu hauetan ematen da, batez ere: txartelik eduki gabe aparkatzea, iraungitako txartelarekin aparkatzea, hildako senideren baten txartela erabiltzea edo txartelaren erabilera ezegokia eginez aparkatzea; hau da, txartelaren jabeak autoaren beharrik izan gabe beste gidari batek txartel hori erabiltzea. “Baimendu txartela pertsonal eta transferiezina da eta bakarrik titularra autoaren gidaria denean edo bertan doanean erabili daiteke, 256/2000 Dekretuan xedatutakoaren arabera”, argitu dute.
Aparkaleku hauek behar bezala erabiltzea etika kontua dela esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak, eta herritarrei errespetuz jokatzeko deia egin die: “denok dakigu norentzat diren aparkaleku horiek, eta ez dago eskubiderik norbere onurarako aparkaleku horiek erabiltzeko”.
Aparkalekuek dituzten marrak ere errespetatzea garrantzitsua dela gaineratu dute: “normalean aparkaleku hauek arruntak baino zabalagoak edo luzeagoak izaten dira mugikortasun murriztua duenek espazio gehiago izateko autora sartu irtenak egiteko edo maletategitik gauzak ateratzeko. Halako aparkaleku bateko marrak ez errespetatzeak txartelaren titularraren mugikortasuna oztopatzea edo zailtzea ekar dezake”.
Udalak, aurretik ere egin zuen antzeko kanpaina bat. 2018an mugikortasun murriztuko pertsonen txartelak berritzeko eta behar bezalako erabilera emateko kanpaina abiatu zuten, Karenka elkartearen eta Udaltzaingoaren bitartez. Leloak berdina izaten jarraitzen duela argitu dute: “Nire lekua nahi baduzu, hartu nire ezintasuna ere”.