300 kiloko edukiontzia bidaliko dute Markina-Xemeindik errefuxiatu ukrainarrentzat
Material bilketa eta elkarretaratzea egin ziren atzo [martxoak 5] Markina-Xemeinen. Lekeition ere Ukrainara bidaltzeko materiala batuko du Lekeitioko Bihotz Zabal Elkarteak.
Ukrainako gerraren kontrako elkarretaratzea Goiko Portalean. Ukrainar errefuxiatuei bidaltzeko material ugari batu zituzten atzo [martxoak 5] arratsaldean Markina-Xemeinen. Higiene pertsonaleko produktuak, garbigarriak, pixoihalak, haurrentzako esnea, osasun materiala eta iraungitzen ez diren elikagaiak (lekaleak, kontserbak, kafea…) eta edariak eraman zituzten herritarrek Plazabarripera, Markina-Xemeingo Noroc moldaviarren elkarteak egindako deialdiari erantzunez.
Poltsak eta poltsak zabaldu eta materiala antolatzen aritu ziren Noroc elkartekoak. Herritarren eskuzabaltasuna eskertu zuten, hunkituta; ez zuten espero batzerik horrenbeste. Markina-Xemeingo Udalak ere egin du ekarpena; galkorrak ez diren elikagaiak eta farmaziako produktuak eman ditu, batez ere umeei begira. Elkartekoek jakitera eman dutenez, material hori guztiori Moldaviara bidaliko dute, haraino iristen ari diren errefuxiatu ukrainarrentzat. Gaur [martxoak 6] 300 kiloko edukiontzia bete eta bidaliko dute harantz, gainerako materiala, berriz, datorren astean bidaliko dutela zehaztu dute.

Ukrainar errefuxiatuentzako material bilketa Markina-Xemeingo Plazabarripean.
Material bilketagaz gainera, ukrainar errefuxiatuen aldeko elkarretaratzea ere egin zen atzo Goiko Portalean. Egoeraren gaineko kezka nabaria zen. Parte hartzaileen artean Lea-Artibain bizi diren hiru ukrainar zeuden eta bertan dituzten senideen gaineko kezka agertu zuten. Mila Pertsyukh Markina-Xemeinen bizi den ukrainarrak, esate baterako, bi alaba eta ilobak ditu Jarkov hiritik 100 bat kilometrora. Azaldu zuenez, etxean beldurrez daude, baina ihes egiteko oraindik beldur handiagoa daukate, Ukrainatik ihes egiten ari zirela erail dituzten familien kasuak ezagutzen baitituzte. “Jarkov-eko geltokia jendez gainezka dago eta errepideak ez dira seguruak. Biak bakarrik daude euren umeekin”.

Ukrainako gerraren kontrako elkarretaratzea Goiko Portalean.
Bilketa gehiago. Elikagaien bilketagaz jarraituko dute Markina-Xemeinen. Datorren astean (martxoaren 7tik 11ra) ere ukrainar errefuxiatuentzako janaria batuko da Markina-Xemeingo Bekobenta Eskola Publikoaren sarreran. Ondorengo elikagaiak batzeko deialdia egin dute: Irina, makarroiak, espagetiak, arroza, galletak, ur botila txikiak eta tomate eta atun latak.
Lekeition ere Ukrainara bidaltzeko materiala batuko du Lekeitioko Bihotz Zabal Elkarteak. Mantak, edredoiak, lo-zakuak, esterak, arropa termikoa, luzagarriak, linternak, pospoloak eta metxeroak, pilak, pixoihalak, galletak, kafe, te, barratxo energetikoak, erremintak eta material medikoa (ur oxigenatua, alkohola, gasak, esparatrapua…) eta higiene pertsonaleko materiala (komuneko papera, xaboia, konpresak, hortzetako pasta…) bilduko dituzte. Material guztia Eskolapean eta herriko denda eta farmazia batzuetan bilduko da. Baita Solozabal autoeskolaren azpian ere.
Bestalde, Lekeitioko EH Bildu eta EAJ udal taldeek adostutako mozioa onartu zuen Lekeitioko udalbatzak eguenean [martxoak 3] egindako osoko bilkuran. Horren bidez, Lekeitioko Udalak Errusiaren eraso militarra salatzen du, eta hura berehala eteteko eta indar militarrak Ukrainako lurraldetik erretiratzea eskatzen dute. Era berean, udalak bere elkartasuna adierazten dio Ukrainako herriari, eta gerra gaitzesten du.