Martxoko batzar parte hartzaileak, aste honetan, Markina-Xemeinen
Euskara, kirola eta kulturako bilerak egingo dira gaur [martxoak 7], bihar [martxoak 8] eta eguenean [martxoak 10], 19:00etan, udaletxean. Herritar guztiei zabalik daude bilerak.
Aste honetan egingo dira euskara, kultura eta kirol arloko batzarrak Markina-Xemeinen. Deialdia bidali die udalak bileretan parte hartu ohi duten herriko elkarteei, baina, gogoratu dutenez, interesa duen herritar guztiek daukate aukera batzarretan parte hartzeko, eta beraz parte hartu nahi duten guztiei zabaldu diete gonbita.
Euskarako batzar parte hartzailea gaur [martxoak 7] egingo da 19:00etan, udaletxeko osoko bilkura aretoan. 22.Korrika, 2022ko Euskaraldia eta dagokion egutegia eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkaian Kirola ere Euskaraz proiektua landuko dira besteak beste.
Bihar [martxoak 8], berriz, kiroleko batzar parte hartzailea egingo da, hori ere 19:00etan, udaletxeko bilkura aretoan. 2022 urteko agenda bateratua, Karmenak eta urteko ekintzak landuko dituzte.
Azkenik, Kultur batzordea eguenean [martxoak 10] elkartuko da 19:00etan, udaletxeko bilkura aretoan. Bilera horretan, aurtengo Karmen jaien gaia landuko dute. Jaiei begira egingo den lehen bilera izango da, eta elkarte eta herritarren ekarpenak jaso nahi dira. Horrez gain, elkarteentzako 2022ko diru laguntzak, Markina-Xemeingo 70. urteurrena eta 2022ko agenda bateratua gaiak jorratuko dituzte.