More koloreko aldarrikapenak, Lea-Artibai eta Mutrikuko kaleetan
Ikasleak mobilizatu dira goizean batez ere; arratsaldean mobilizazioak egin dira herriz herri. Zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldeko aldarria izan da nagusi.
More koloreko aldarrikapenez bete dira gaur [martxoak 8] Lea-Artibai eta Mutrikuko kaleak. Asteburuan hasi zituzten ekimenak herri batzuetan, eta beste batzuetan, ostera, gaur goizean goizetik apaindu dituzte kaleak eta mobilizazioei ekin. Emakume Langileen Nazioarteko Egunaren harira, ekintza ugari antolatu dute talde feministek, elkarteek, udalek eta bestelako eragileek. Gauera arte egon dira kalera ateratzeko deialdiak.
Ikasleak izan dira, batez ere, lehenengoak mobilizatzen. Eskolapea apaindu dute, esate baterako gaur goizean ikasleek Lekeition, eta Markina BHIn elkarretaratzea eta omenaldia egin dituzte. Ikastetxe aurrean elkartu dira lehenengo, borroka feministaren aldeko adierazpena kaleratzeko, eta institutuan ikasten duen Arai Lejardi Bizkaiko Banakako Txapelketa irabazi duen puntista omendu dute ondoren, bertso eta aurreskuagaz.
EMAko eta Mugimendu Feministako kideak Mutrikuko Goiko Plaza eta inguruak apaintzen aritu dira goizean. Kalerik kale pankartak eta kartelak eskegi dituzte, eta Txurruka tenientearen estatua ere morez jantzi dute. Goiko Plaza aldarrikapen gune bihurtu da berriro eguerdian. Institutuko ikasleak trikitixa eta panderoa jotzen ailegatu dira plazara, eta han herriko beste dozenaka emakumerekin elkartu ondoren, ekintza berezia egin dute. Ikasleek euren egindako testua irakurri dute plazan, eta ostean, Anariren abestiekin hitzekin sortutako kantua dantzan egin dute. Ekintza, euskal dantzak dantzatuz amaitu dute.
[IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN]
Udaletxe aurreko plaza apaindu dute goizean Mendexan ere, eta une batzuk geroagoa bertan egin dute elkarretaratzea. Herritarrekin batera egon dira elkarretaratzean udaletxeko behargin eta udal ordezkariak ere.
Elkarretaratze eta manifestazioak. Arratsaldean egin dira, udalerri gehienetan herri mobilizazioak. Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra lelopean kalera irteteko deialdia egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eta herri askotan egin dute bat deialdiagaz. Aurrera egin bada ere, “gizartea oraindik ere ez dela berdintasunezkoa emakumeentzat eta gizonentzat” azpimarratu dute ekitaldietan, eta beraz, “herri feminista baten beharra” nabarmendu dute, emakumeek jasaten dituzten eguneroko zapalkuntzak salatzeko.
[IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN]
Aurtengo Martxoaren 8an zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldeko aldarria izan da nagusi. Azken bi urteetan bizi izan den osasun egoerak zaintza sistemaren ezinbestekotasuna azaleratu du, baina zaintzak lan banaketan desoreka handia bizi duela azpimarratu dute. “Emakumeon zaintza lan ez ordainduetan oinarritzen da sistema kapitalista, baina orain, zaintza lan ordainduaren baldintzak eta eskubideak murrizten ari dira”. Zaintza lanen gehiengoa emakume migratu eta arrazializatuak egiten dutela esan dute. “Zaintza lanak aitortu eta birbanatu nahi ditugu, zaintza eredu publiko eta komunitario bat garatu”.
Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, adierazpen ugari egin dituzte erakundeek eta alderdi politikoek ere; Berdintasun Legearen aldaketa balioan jarri dute, gizarte bidezkoago eta berdinzaleago baten bidean, eta berdintasunaren aldeko lana eta konpromisoa berretsi dituzte.
Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak deitutako mobilizazioak ere egin dira Ondarroan eta Lekeition, Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki lelopean. Emakume langileak kapitalak inposatu dizkien kateetatik askatzeko forma bakarra Estatu Sozialista eraikitzea dela esan dute, “horretarako ezinbestekoa izanik komunismoaren eraikuntza helburu duen antolakuntza politikoa gorpuztea”.