Bueltan da junior mailako Atxukale Saria
Mutrikuko Udalak antolatuta eta Atxukale txirrindulari taldeak lagunduta, 37. Atxukale Txirrindu Saria zapatuan [martxoak 12] lehiatuko da, 16:00etatik aurrera. 87 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek.
Azken saria 2018an izan zen, pandemia eta Mutriku-Deba arteko obrak direla eta, lau urte itxaron behar izan dute zaleek. 2018an ezarritako aldaketak mantenduko dituzte. Maiatzetik martxora aldatu zuten antolatzaileek data, eta, hortaz, parte hartzaile gehiago izatea espero dute; 150 txirrindularitik gora espero dituzte. «Bestelakoan azterketa egun eta asteekin bat etortzen zen proba, eta eguna aldatuta, jende gehiago batuko da».
16:00tan emango diote hasiera probari Mutrikuko biribilgunetik, eta lehen txirrindulariak 18:00ak pasatxo helmugara heltzea aurreikusten da. Lasterketa, gainera, puntuagarria izango da, Gipuzkoako Txirridularitza Federazioaren egutegiko parte baita. Izen ematea udaletxean egingo da, eta parte hartuko duten taldeek gune bat erreserbatuta izango dute (Etxe txikiko aldapa) ibilgailuak aparkatzeko. Horrez gain, parte hartzaileek kiroldegia zabalik izango dute aldatu ahal izateko.
Probak iraun artean, errepidea itxita egongo da
Mutrikutik hasi, eta Deba alderantz hasiko da ibilbidea. Handik Soraluze alderantz joango dira; tartean, Mendarotik, Altzolatik eta Elgoibartik igaro beharko dutelarik. Behin Soraluzera helduta, Mutrikurantz bueltan hasiko dira txirrindulariak. Ohikoa izaten den bezala, azken kilometroetan bi aldiz igo eta jaitsiko dute Galbaixo; bi igaroaldi horiek izango dira erabakigarrienak. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, probak iraun artean, errepidea itxita egongo da.
Boluntario bila. Parte hartzaile kopuru handia aurreikusten denez, boluntarioen laguntza ezinbestekoa dela aipatu dute koordinatzaileek. Boluntario moduan lagundu nahi dutenek izena eman behar dute kirola@mutriku.net posta elektronikora edo 679 16 25 02 telefono zenbakira whatsapp bat idatzita. Izena emateko azken eguna barikua [martxoak 11] da; izen-abizenak, kontakturako telefono zenbaki bat eta NA zenbakia atxikitu beharko dira mezuan.
Boluntarioek zapatuan egingo dute batzarra, 14:45ean ipini dute hitzordua udaletxe azpian antolakuntzarekin koordinazio bilera egiteko. Nabarmendu dute laguntzaile guztiak aseguratuta egongo direla.