Oporrak Bakean egitasmoa martxan da, bi urteko geldialdiaren ostean
Yaalah Elkarteak eta Ondarroako Udalak abian jarri dute, beste urte batez, udan ume sahararrak etxean hartzeko Oporrak Bakean ekimena. Programagaz bat egin nahi duten familiek martxoaren 27a dute izen emateko azkenengo eguna.
Yaalah Ondarroako Saharar herriaren aldeko elkarteak antolatuta, Oporrak Bakean programari buruzko mahai ingurua eta bilera informatiboak egingo dituzte asteon.
Aurreko urteetan harrera familiak izan direnen esperientziak ezagutzeko eta elkarbanatzeko mahai ingurua eguaztenean [martxoak 16] izango da, 18:00etan, Kofradia Zaharrean. Zapatuan [martxoak 19], informazio gune bat ezarriko dute Alamedan, 11:30etatik 14:00etara. Bertan, haurrentzako txokoa, puxikak, marrazkiak eta beste hainbat jolas izango dituzte.
Bilerak herritar guztiei zabalik egongo direla azpimarratu dute, eta bertara interesa eduki dezaketen guraso, familia edota norbanako guztiak gonbidatu dituzte. Informazioa banatzeko, zalantzak argitzeko eta aurreko urteetan harrera familia izandakoekin hitz egiteko aukera egongo baita.
Programaren ezaugarriak
Oporrak Bakean saharar errefuxatuen kanpamentuetako umeak bi hilabetez etxean hartzeko aukera eskaitzen duen ekimena da. Programari esker, hainbat umeri basamortutik ateratzeko aukera eskaintzen zaie. “Basamortuan tenperatura eta egoera latzak bizi dituzte. Hona etorrita, osasun azterketak egiteaz gain, kultura trukaketa gauzatu ahal da; horiek dira helburu nagusiak”.
Informazio gehiago jasotzeko, edota izena emateko interesa dutenek telefonoz deitu 615721057 edo mezu bat bidali dezakete yaalahelkartea@gmail.com helbidera.