30. FEDDI Kros Txapelketa lehiatu dute Malvidok eta Lekunberrik
Basaurin egindako Atletismo Egokituko Txapelketan hamar autonomia erkidegotako 151 partaide izan dituzte.
Zapatuan lehiatu zen Espainiako 30. FEDDI Kros Txapelketan parte hartu zuten Josu Lekunberri mutrikuarrak eta Joseina Malvido ondarrutarrak, izugarrizko denborak lortuz. Zehazki, Basauriko Lapatzako zirkuituan lehiatu zen proban, zirkuituari bira bat eman zioten, 1.100 metroko lasterketa osatuz.
Lekunberrik, 4 minutu eta 43 segundoko denboragaz, laugarren postua eskuratu zuen, domina lortzeko zazpi segundo eskasera geratuz. Malvidok, berriz, hamaseigarren postua eskuratu zuen, 5 minutu eta 24 segundoko denboragaz. Entrenatzaileak aipatu duenez, zirkuitu zorrotza da, basa asko dago eta horrek zailtasun maila igotzen du. Hortaz, “oso pozik” agertu dira 42 partaidek osatutako proban postu horiek eskuratu izanaz.
Gainera, talde denborak kontuan izanda egindako sailkapenean, Espainiako txapeldun izendatu ziren biak, Basauriko Ascensores Bertako-Javi Conde taldeagaz.
“Lorpenen poztasunagaz”, baina jada hurrengo erronkari begira daudela adierazi dute. Hain zuzen ere, apirilaren lehen astean, Madrilgo Vallehermoso estadioan lehiatuko den atletismo egokituko Espainiako Txapelketan parte hartuko dute.