Zundaketak egingo dituzte Kamiñazpin
Kamiñazpi 46, 48 eta 50 zenbaki inguruetan autoak kendu egin beharko dira.
Ondarroako Udalak irisgarritasuna bermatzeko Kamiñazpin ipiniko duen igogailuko obrak direla eta, zundaketak egingo ditu inguruetan, eguenean [martxoak 17] eta barikuan [martxoak 18].
Hiru zundaketa egingo dituzte, zoru azpian zer eta zelako egoeran dagoen aztertzeko asmoz. Aurreratu dutenez, lanek egun eta erdi edo bi egun iraungo dituzte. Hortaz, lanak burutzeko erabiliko duten makineriaren igarobidea errazteko, eguena baino lehen, Kamiñazpi 46, 48 eta 50 zenbaki inguruetan aparkatuta dauden autoak kendu beharko dira.
Udalak aipatu duenez, proiektua finkatzen denean eta lanak hasi aurretik, auzotarrei proiektuaren inguruko informazio guztia helaraziko die. Eneritz Basurko Pagoaga Hirigintza zinegotziak aitortu duenez, igogailu hori funtsezko azpiegitura izango da eremu horretan dauden 108 etxebizitzetara irisgarritasuna errazteko. “Eremu horretan bi gako daude igogailu berri hau egiteko: lehenengoa, fisikoki ez dela irisgarria, eskailerak eta aldapa gogorrak daudelako, oinezkoek autoekin elkarbanatuta gainera, eta, bestetik, inguru horretan bizi direnen bataz besteko adina altua dela”.