Kirmen Uriberen 'Izurdeen aurreko bizitza' 111 Akademiaren Sarirako hautagai
2020. urtean Agustin Zubikarai beka irabazi zuen 'Faith' Lander Garroren lana ere hautagaitzen artean dago.
2021. urteko 111 Akademiaren Saria erabakitzeko lehenengo bozketa txanda horretan botorik gehien jaso duten zazpi obren artean dago Kimen Uribe ondarrutarraren Izurdeen aurreko bizitza lana.
Otsailaren 27an itxi zen lehenengo txandan bozka emateko epea, eta Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala eta Alberto Ladron Aranaren Mendekuaren hazia izan ziren lanik bozkatuenak, baina ez batak ez besteak ez zuen lortu lehenengo txandan saridun izendatzeko behar den botoen %30. Hortaz, boto gehien jaso duten bost obrak pasatu behar izan dituzte bigarren bozketa txandara; hau da, aipatutako biak eta boto gehien jasotako hurrengo hirurak. Baina bost liburu zituzten boto kopuru berarekin, beraz, berdinketa hori apurtzerik ez eta, aurten, zazpi lan pasatu dituzten bigarren txandara:
- Juan Kruz Igerabideren Doneaneko alaba
- Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala
- Itxaro Bordaren Euri zitalari esker
- Lander Garroren Faith
- Irati Goikotxearen Herriak ez du barkatuko
- Kirmen Uriberen Izurdeen aurreko bizitza
- Alberto Ladron Aranaren Mendekuaren hazia
2021. urtean euskal literaturak utzitako uzta zabaletik zazpi obra horiek izan dira urteko libururik gogokoena hautatzeko bidean lehenengo txanda gainditu eta bigarrenera igaro direnak. Ez da lehen aldia Uribe hautagaien artean dagoena, hain zuzen ere, 2016an Elkarrekin esnatzeko ordua obrarekin lortu zuen 111 Akademiaren Sariaren irabazle izendatzea. Gainera, hautagaitzen artean dagoen Lander Garroren Faith lana, 2020ko Agustin Zubikarai beka eskuratzea lortu zuen obra da.
Hautagaitzak mahai gainean izanik, martxoaren 27a baino lehen bidali beharko dute akademiakideek horietako baten aldeko botoa. Bigarren bueltan libururen batek jasotako botoen %40 bereganatuz gero, 111 Akademiak 2021eko saridun izendatuko du. Bestalde, kopuru horretara iristen den lanik ez badago, bi bozkatuenak pasatuko dira finalera.