Peru Robles eta Ioana Osa, Ondarroako III. Naberan Herri Kroseko irabazleak
250 partaide baino gehiagok lehiatu dute aurten, Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolak antolatutako krosa.

Domekan [martxoak 20] lehiatu da III. Jose Mari Naberan Herri Krosa Ondarroan, eta guztira 250 partaide baino gehiago izan ditu, 115 korrikalarik osatu dute ibilbide luzea eta 150 haurrek egin dute ibilbide ertaina eta txikia. Partaideen %40 emakumeak izan dira aurten.
Eguraldia lagun izan zuten herri krosagaz gozatzeko aukera izan zutenek. 11:00etan hasi zen 7,3 kilometroko ibilbide luzea egin behar zutenen proba. Kronometroa martxan jarri eta atera ziren korrikalariak. Herriari bi buelta eman behar zizkioten eta herritarren txalo zaparrada eta animo oihu artean osatu zuten ibilbidea. Peru Robles lekeitiarra izan zen lehena helmugara ailegatzen. Lehen emakumea, berriz, Ioana Osa ondarrutarra izan zen.
Sailkapen orokorra:
- Peru Robles
- Eneko Azkarate
- Asier Astigarraga
Emakumeen sailkapena:
- Ioana Osa
- Nahia Ibarzabal
- Idoia Nogales
Gainera, urtero legez, podiumetik kanpo helmugaratutako lehen ondarrutarrek ere sariak jaso zituzten, hain zuzen ere, Arnaitz Burgoa eta Arantza Burgoa izan ziren lehen ondarrutarrak helmugaratzen.
Ondoren, gaztetxoen txanda hasi zen. 150 korrikalarik osatu zuten guztira. 12:30etan hasi zen proba ertaina, 1,340 metroko ibilbidea osatu zuten korrikalariek. Ostean, txikien txanda heldu zen, LH2ra artekoek parte hartu zuten hemen 380 metroko ibilbidea osatuz.
150 korrikalari gazteenek osatu zuten ibilbidean jasotako dirua Arnasa elkartera bideratu zen, sari banaketan igo ziren elkarteko kideak eskerrak ematera Zubi Zahar Herri Ikastolari.