Ondarroaren garaipen sendoa Zorrotzaurren
Gizonezkoen senior mailan garaipena lortu dute, Zierbenaren eta Kaikuren aurretik. Emakumezkoek ere podiuma zapaldu dute: hirugarren sailkatu dira, Hondarribiren eta Deusturen atzetik.
Joan den zapatuan, hilaren 19an, Zorrotzaurre Irlako II. Estropada lehiatu zuten, Deustun (Bilbo). Bertan lehiatu ziren traineruak Nerbioi ibaiadarraren uretan murgildu ziren, eta, gizonezkoen senior mailako estropadan ezusteko handia izan zen. Zierbena hautagai nagusia izan arren, ez zuen irabaztea erdietsi, eta Ondarroako traineruak eskuratu zuen garaipena.
Erlojupeko formatuan lehiatu zuten estropada eta Ondarroak parte hartze oso sendoa izan zuen: 45 ehunen atera zizkion Zierbena hautagaiari. Horrenbestez, Ondarroako arraunlariek egindako prestakuntza guztiak eta lortutako sasoi puntu bikaina frogatu zituzten. Gizonezkoen senior mailako podiuma Kaikuk osatu zuen.
Emakumezkoen estropadan ere protagonistetako bat izan zen Ondarroako trainerua: hirugarren amaitu zuten. Hondarribia irabazleak 21:07ko denbora behar izan zuen, eta Ondarroako senior mailako neskek, ostera, 22:06koa. Etxeko traineruak, Deustuk, osatu zuen podiuma, 21:20ko denboragaz. Hurrengo bi sailkatuak, berriz, 22:19ko erregistroa osatu zuen Zarautz eta erlojua 23:54en gelditu zuen Portugalete izan ziren.