'BostEHun eta zutik!' Gazte Martxaren aurkezpenak, asteburuan
Barikuan [martxoak 25] egingo dituzte aurkezpenak Markina-Xemeinen eta Mutrikun. Ondarroan, berriz, zapatuan [martxoak 26] izango da.
Ernai gazte antolakundeak BostEHun eta zutik! lelopean deitu du aurtengo udaberriko Gazte Martxa eta egitarau oparoa osatu du gazte independentisten taldeak. 25 tailer, hitzaldi eta ikuskizun eta 31 musika taldek joko dute bertan: Streetwise, Nikotina, McOnak, Perlata, Willis Drummond, Crim, Tremenda Jauria, Skakeitan, Xiberoots, Kaleko Urdangak, Liher, Rukula, La Furia, Yare Collective, Aiaraldeko Sound System, Ibil Bedi, Sua, Tribade, Iruñerria Jamaica Clash, Pleura, Marta & Herbass, Romea, Silitia, Dupla, DJ Reimy, XSakara, Skabidean, Erroka, Madame Birrots eta Iheskide.
Apirilaren 14an Zugarramurditik abiatuko da Gazte Martxa, eta Erratzun egingo dute geldialdia. Hurrengo egunean, Erratzutik Elizondora iritsiko dira, eta bertan ekingo diote egitarau politiko eta musikalari. Apirilaren 17an, Aberri Egunean amaituko da egitasmoa. Aurkezpenak egingo dituzte asteburuan eskualdeko hainbat herritan.
Mutrikuko gaztetxean barikuan [martxoak 25] 22:00etan hasiko da aurkezpena; ondoren Gatz eta Braulio taldeen kontzertuak osatuko dute gaua. Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxean ere barikuan egingo dute aurkezpena, 19:30ean; luntxa ere egingo dute. Ondarroan, berriz, zapatuan [martxoak 26] 20:00etan irekiko dute Gaztetxea; 21:00etan aurkezpenagaz hasiko dira eta, ostean, Doe eta Errietan taldeen kontzertuak egongo dira. DJ Fresa Morangok borobilduko du gaua.
Gainera, Lea-Artibaitik autobusa atera dute joan-etorria egiteko. Izena emateko aukera jada irekita dago Sokoa, Anaitasuna eta Kulixka tabernetan eta baita sarean ere.