'Emakumeak eta kirola Ondarroan' Kirol Beka aurkeztuko dute
Lore Bengoetxeak aurrera eraman duen proiektuaren aurkezpena egingo du, eguenean [martxoak 24], 19:00etan, Ondarroako Etxelilan.
Lore Bengoetxea ondarrutarrak lortu zuen 2020ko Udalaren Kirol Beka eskuratzea, Emakumeak eta kirola Ondarroan proiektuarekin. Sei hilabete izan ditu ikerketa aurrera eramateko eta lanaren aurkezpena egingo da eguenean, 19:00etan, Ondarroako Etxelilan.
Helburu bat finkatu zenuen proiektua hastean, lortu duzu?
Talde argazki bat lortzea zen helburua hasieran, eta uste dut lortu dudala. 30 emakume elkarrizketatu ditut kirolarekin lotura dutenak edota izan dutenak. Lagin oparoa aukeratu dut, adin tarte ezberdinetako emakumeak eta kirol ezberdinak jorratu dituztenak: futbola, igeriketa, txirrindularitza, triatloia, gimnastika erritmikoa, mendia, korrika, atletismoa… Hala ere, aipatu beharra dago, lagin bat dela soilik, emakume kirolari asko daude eta baita kirol gehiago ere, baina aukeraketa egin beharra zegoen.
Kirol asko aipatu dituzu, ezberdintasunak daude kirol batetik bestera?
Bai, ezberdintasun handiak daude kirol batetik bestera. Adibidez, igeriketa egiten duten emakumeek aipatzen dituzten gauzak edota futbolean aritzen direnek kontatzen dutenen artean ezberdintasunak nabarmenak dira. Futbola adibidez, ikusgarritasuna duen kirol bat izanik, baldintza hobeagoak izan beharko lituzkeela pentsatu dezakezu, baina ez da horrela.
Nola bideratu dituzu elkarrizketak?
Abiapuntua galdetegi orokor bat izan da. Helburua ez zen markak edota ibilbide zehatzak biltzea, kirolarekin zuten harremana eta horrek izan zezakeen eragin positibo zein negatiboak biltzea baino. Adin tartearen arabera moldatzen joan naiz galdetegiak, baina orokortasun batean landu ditudan atalak: urteak igaro ahala somatutako aldaketak, hilekoaren eta haurdunaldien eragina, azpiegitura mailako bereizketak, materialak, jasandako bazterketak… Alde batetik, elkarrizketatu bakoitzaren argazkia atera nahi izan dut, baina baita argazki hori non dagoen kokatuta testuinguratu, hau da, zein baldintza eta azpiegitura izan dituzten beraien ibilbidean. Hala ere, elkarrizketak burutu ahala hainbat ate ireki dira, pentsa baino gehiago.
Baldintzei buruz aritu zara.
Norbanako bakoitzaren historia ulertzeko baldintza orokorrak zeintzuk diren jakin beharra dago. Horretarako herriaren azpiegiturak eta antolakuntza maila aztertu ditut. Alde batetik, ikastetxeekin hitz egin dut, beraien prestakuntza maila ikusteko. Bestetik, Ondarroako Udalak aurrera eraman dituen ekimenak jorratu ditut. Eta baita, herrian egon diren eta dauden erreferentziak aztertu ditut. Praktika on eta txarren hausnarketa bat egiteko baliagarria izan dena.
Proiektuarekin hasi zinenean, aurreiritziak zenituen gaiaren aurrean
Gaiaren ingurua pentsatzen hasten zaren unetik badakizu emakume eta gizonezko kirolarien arteko ezberdintasunak handiak direla, baina ezberdintasun horiek nondik datozen hausnartu behar da. Hori ikertzen joan ahala ateak irekitzen hasten dira, bata bestearen atzetik, gauza asko daude horren atzean.
Zerbait amankomuna aipatu dute?
Bakoitzak bere modura bizi du kirolarekin duen lotura, baina gehienek aipatu dituzte; beldurrak, ziurtasun ezak, eskatu gabeko komentarioak… Bestalde, zerbait bitxia izan da, kasu askotan Aringaingan taldeari egindako erreferentzia. Taldeak lortu duen ikusgarritasuna. Emakumeak kalera atera eta kirola egiten ikustea, adin tarte ezberdinetako emakumeak herrian batuta ikustea, denek txalotu duten zerbait izan da.