Mendexa eta Amorotoko herritarrek protesta egingo dute berriro
Bihar [martxoak 23], 12:00etatik aurrera, herriko mediku kontsulta eskatuko dute Lekeitioko osasun etxearen aurrean.
Mendexako eta Amorotoko herritarrek elkarretaratzea egingo dute Lekeitioko osasun etxearen aurrean bihar, 12:00etatik aurrera. Horrez gain, “ehundaka erreklamazio” sartuko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek. Duela hilabete bat elkarretaratzea egin zuten toki berean, baina oraindik ez diete irtenbiderik eman. «Herrian mediku kontsulta bat edukitzea oinarrizko osasun arreta bat da, eta Mendexa eta Amoroton ez da ari betetzen».
Otsailaren 3tik daramate herriko mediku kontsultarik barik. Aurretik, 2021eko maiatz eta irail bitartean ere, egoera berean egon ziren. Erreferentziazko medikurik barik daude, Lekeitioko osasun etxeko hitzorduen menpe. Horiek astetik astera aldatzen direla salatu dute: “Egun bakoitzean mediku baten aurrean jesartzen gara. Ez dago bakarkako kasuen inolako jarraipenik”. Bereziki egoera larria da gaixotasun kronikoak dituzten herritarrentzat.
Azken hilabetean ez dute inolako erantzunik jaso. Arartekoari gutun bat bidali zioten, baita Galdakaoko OSIari ere. Joan den martxoaren 3an 600 sinadura baino gehiago batu zituzten udalerri bietan egin zituzten bilketetan, eta irtenbide bat eman arte, protesta mugimenduekin jarraituko dutela jakitera eman dute: «Oso haserre gaude».