Parkeko txopo eta platanondoen egurra eskuratu ahalko dute aulestiarrek
Sorta bat eskuratzeko aukera edukiko du etxe bakoitzak. Eskaintzak udaletxean aurkeztu behar dira.
Aulestiko Udalak parkeko txopo eta platanondoetako egurraren eskaintza egin du. Sorta bat eskuratzeko aukera edukiko du udalerriko etxe bakoitzak. Guztira, zortzi multzo osatu dituzte, bakoitza bost edo sei estereo ingurukoa, eta mutzo bakoitzaren hasierako prezioa 65 eurokoa izango da.
Azaldu dutenez, dauden zortzi sortak baino eskaera gutxiago egonez gero, bigarren sorta bat eskuratzeko aukera edukiko dute interesatuek, lehenengoaren prezio berdinean. “Prezio altuena eskaintzen duenak edukiko du lehentasuna multzoa aukeratzeko, eta baita, zortzi eskaera baino gutxiago aurkezten badira, bigarrena eskuratzeko ere, eta horrela, hurrenez hurren”, argitu dute.
Bestalde, bi eskatzailek prezio berdina eskainiz gero, zozketa bidez erabakiko dute nork daukan lehentasuna.
Eskaintzak Aulestiko udaletxean aurkeztu behar dira, eta horretarako azken eguna martxoaren 23ko 14:00ak izango da. Udaletxera mezu elektroniko bat ere bidali daiteke eskaintza egiteko. Horretarako, idazkaria@aulesti.eus helbidera idatzi behar da izen-abizenak, kontakturako telefonoa eta eskaintzen den prezioa jarri behar dira mezuan.