Ondarroako Udalak onartutako Trafiko Ordenantza berriak oinezkoei eman dio lehentasuna. Horretarako, orduko 30 kilometroko abiadura muga ezarri, oinezkoentzako eremuak zabaldu eta bizikleta zein patineteen erabilera arautu dute.
Ondarroako Udalak onartutako Trafiko Ordenantza berria lanketa luze baten ondorio da eta herritarrek egindako ekarpenak kontuan hartu ditu. Ordenantzaren helburu nagusia oinezko, bizikleta eta autoen artean bizikidetza baketsu bat sortzea izan da. Zunbeltz Bedialauneta alkatearen hitzetan, “herrigunean oinezkoei euren espazio segurua bermatu nahi diegu. Herria oinezkoentzako izan behar da, erdigunean beraiek ipinita, orain arte autoek hartu baitute protagonismoa”. Helburu hori erdigunean jarrita, oinezkoen eremuak zabaltzea izango da ordenantzaren puntu estrategiko bat.
Orain arte, Alde Zaharreko beheko aldea (Erribera, Nasa, Kanttoipe…) autoentzako itxita egon da arratsaldeetan, eta horrek izan duen onarpena ikusita, arautu egingo da. Hortaz, neurriak hartzen joan heinean, Alde Zaharraren beheko eta baita goiko aldea ere itxita egongo dira autoentzat. Bakarrik bertako bizilagunek edukiko dute eremu horretara sartzeko aukera, eta sarrera irteera horiek kamera bidezko sistemekin kontrolatuko dira. Aurrerago zehaztuko dira baimenduak nortzuk izango diren, eta zein baldintza bete beharko dituzten baimendu bilakatu nahi dutenek. Alkateak gehitu duenez, “autoek badaukate alternatiba herriko punta batetik bestera joateko, kanpotik, herrigunea zeharkatu gabe”.
Bestalde, bizikleta eta patineteen erabilera ere arautu da, “araudi hau oso herri gutxitan dago zehaztuta, baina garrantzitsua zela uste genuen, Ondarroan bizikletan edo patinetean ibiltzen diren herritar kopurua hasiz baitoa”.
Bizikleten kasuan, nahitaez galtzadatik zirkulatu behar dute eta paraleloan zirkulatu ahal izango dute. Espaloietan eta oinezkoen guneetan, bi metro baino gehiagoko zabalera eta metro bateko espazio librea dagoenean ibili ahal dira, gehienez ere orduko 10 kilometroko abiaduran. Gainera, bizikleten erregistro bat ere ipiniko da martxan. Horrela, bizikleta bat agertzen denean edo lapurretaren bat gertatzen denean, errazagoa izango da bizikleta aurkitzea, edota jaberakin harremanetan jartzea.
Patineteei dagokionez, Trafiko Araudi Orokorrean ez dago araudi espezifikorik, hortaz, herrira egokitutako araudia prestatu dute. Arau orokor bezala, kaskoa derrigorrezkoa izateaz gain, ibilgailu hauek galtzadatik ibili behar dute nahitaez, eta espaloietatik hurbilen dauden erreietan. Parke publikoetan ibili ahal izango dira, oinezkoen lehentasuna errespetatuz, eta gehienez ere orduko 10 kilometroko abiaduran. Patinete elektrikoak 16 urtetik gorakoek erabili ditzakete bakarrik.