2022ko aurrekontuei buruzko parte hartzea saioa egingo dute Munitibarren
Domekan (martxoak 27) 11:00etan udal aretoan egingo dute herritarren proposamenak jasotzeko batzarra.
Munitibarko herriaren norabidea zehazteko zereginean, gai garrantzitsuei buruzko beharrezkoak diren erabakiak hartzeko Zeuaz egitasmoa martxan ipini zuen udalakĀ 2017an , hau da herriari eta herritarrei eragiten dien gaiak denen artean adosteko helburuz ekin zioten egitasmo horri, eta ordutik parte-hartze saioak egiten dituzte. Hala, oraingoan ere, 2022ko udal aurrekontua zehazteko ere bizilagunen iritzia ezagutu eta ekarpenak jasoko dituzte.
Domekan (martxoak 27) 11:00etan udal aretoan egingo duten saiora joateko deia luzatu dute udal arduradunek: “Batzarrera etortzeko gonbitea luzatu nahi diegu, bertan erabakiko ditugulako 2022ko egitasmoak; batzar horretan erabakitakoa izango da Munitibarko Udalaren 2022ko egitekoa. Normalean batzarretara joaten den baino jende gehiago joatea gura genuke; erabakia bera zabala izaten den arren, oraindik ere zabalagoa izatea gustatuko litzaiguke”.
Egitasmoaren oinarrietako bat gardentasuna dela azpimarratu du Arkaitz Goikoetxea Munitibarko Udalak. Izan ere, batzarraren lehenengo zatian, iaz udalean egindakoa “argituko” dute: “Udaleko 2021eko likidazioa aurkeztuko dugu; dirua zertara bideratu den, zer egin den eta zer ez den egin azalduko dugu. Horrekin batera, zenbait proiekturi buruz berba egingo dugu”. Hala, 2022rako aurreikuspenak aurkeztuko dituzte, eta horietatik zeintzuk egingo diren erabakiko dute, “zer egin daitekeen eta zer ez aztertuko” dute. Beraz, proiektuak mahai gainean ipiniko dituzte eta horien gainean erabakiak hartuko dituzte.
Udal gobernuaren asmoa da apirileko osoko bilkuran aurrekontuak onartzea: “Iazko aurrekontu luzatuagaz ari gara, likidazioan gorabehera batzuk eduki ditugulako, eta datorren hileko osoko bilkuran aurtengo urterako aurrekontuak onartu eta gauzak egiten hasiko gara”.
Proiektu edota egitasmo asko aurreikusita dituzte, eta horietako batzuk egiteko konpromisoa hartu du udalak, adibidez, frontoia birgaitzearena. Horretarako, gainera, Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza onartu diote udalari: “Aurtengo urtean horren exekuzioa aurrera eroan beharko dugu. Probalekua birmoldatzeko Eusko Jaurlaritzaren beste diru laguntza baten ebazpena ere badaukagu”.