Final zirraragarria espero da Lekeitioko Beteranoen Txapelketan
Domekan [martxoak 27] amaituko da 16. Beteranoen Trinketeko Esku Pilota Txapelketa. Ekitaldia goizetik hasiko da; finalaren aurretik 5. eta 6. postuak eta 3. eta 4. postuak lehiatuko dira.
Domekan [martxoak 27] erabakiko da 16. Beteranoen Trinketeko Esku Pilota Txapelketa. Aurten ere, final eguna, jai handia izango da parte hartzaile eta laguntzaile guztientzat. Ekitaldia goizetik hasiko da, izan ere, finalaren aurretik 5. eta 6. postuak eta 3. eta 4. postuak lehiatuko dira.
09:30ean, hasiko dira neurketak Lekeitioko trinketean. Lehenengo partidan, Asti (Deba)-Beraza (Elgoibar) eta Pradera (Mallabia)-Foster (Lekeitio) bikoteek txapelketako bosgarren eta seigarren postuak jokatuko dituzte. Partida polita izango dela aurreikusten dute txapelketaren antolatzaile Akarregi Pilota Elkartekoek. Izan ere, gipuzkoarrak beteranoagoak dira, baina gazteagoekin aurkituko dira aurrez aurre.
10:30ean hasiko da 3. eta 4. posturako lehia Jaunarena (Gartzaron)-Martin (Lekeitio) eta Rober (Bergara)-Egaña (Mendaro) bikoteen artean. Gipuzkoarrek dira faboritoak, baina lekeitiarrak eta nafarrak ez dituzte gauzak erraz jarriko, eta ezustekoa eman dezaketela uste dute antolatzaileek. “Martin Polonian daukagu ukrainarrak laguntzen eta izan daiteke nekatuta ailegatzea. Baina seguru gaude gogoz datorrela zaletuen aurrean jokatzeko”.

Gandiaga anaiak, Foster epaile, Malax eta Madariaga. Argazkia: Akarregi Pilota Taldea
Finala. Gandiaga anaiak (Berriatua) eta Malax (Mendata)-Madariaga (Eibar) bikoteen arteko finala 12:00etan jokatuko da. Gandiaga anaiak dira faboritoak, eta 2020ko azken txapeldunak, baina aurrean aurkari gogorrak izango dituzte. “Malaxek lehen aldiz arte hartu du txapelketan, eta ligaxkak aurrera egin ahala trinketera egokitzen joan da; bere sake eta abiaduraz baliatu daiteke anaiei partida zailago egiteko”. Madariaga ere sasoi onean ikusten dute txapelketaren antolatzaileek: “Atzean sendo dabil eibartarra, eta gainera, Gartzaronen torneoa irabazita adorez beteta dator”.
Faboritoak, zelan ez, indartsu ikusten dute. “Eñaut anai nagusia oso ondo defendatzen da aurrean, eta asko arriskatu behar da berari tantoa egiteko. Ibanek, atzetik, partidaren erritmoa markatzen du, teilatua eta kantxa bere erara maisuki erabiliz”.
Gogoz itxaroten dute zaleek bikote bi horien arteko lehia. Izan ere, ligaxkan ezin izan zen euren arteko partida ikusi, lehen tantoan Ibanek mina hartu eta partida bertan behera geratu behar izan zelako. Horregatik, emozio handia egongo da final honetan.