Hamabi bikotek jokatuko dute Berritxuko V. Pala Txapelketa Mistoa
Asteburuan jokatuko da txapelketa. Finala domekan [martxoak 27] izango da, 14:00etan.
Asteburuan jokatuko da Berriatuko V. Pala Txapelketa. Zapatuan [martxoak 26] 10:00etan hasita, goiz eta arratsalde lehiatuko dira partidak, domekan [martxoak 27], berriz, eguerdira bitartean jokatuko dute.
Hamabi bikotek eman dute izena aurtengo norgehiagokan, eta hiru multzotan banatu dituzte, lau bikote multzoko. Ligaxka moduan jokatuko dituzte partidak. Bi multzo ariko dira zein baino zein gehiago zapatu goizean, eta bazkaltzeko tartean geldialdia egin ondoren, hirugarren multzoak hartuko du txanda. Gutxi gorabehera norgehiagokak 19:00ak bueltan amaitzea aurreikusten dute antolatzaileek.
Talde bakoitzeko bi bikote onenak igaroko dira finalaurrekoetara, eta 11:00ak bueltan hasiko dira jokatzen domekan. Finalaurrekoak ere ligaxka eran izango dira, eta finala 14:00ak aldera erabakiko da. Irabazleek, txapelak eta eskualdeko produktuekin osatutako otzarak eskuratuko dituzte sari modura.
Emakumeen kirola bultzatzea helburu antolatu zuten pala txapelketa mistoa, eta denetariko parte hartzea izan du urtez urte. “Ondo jokatzen dutenak, bakarrik parte hartzeko asmoz datozenak… Kirola eta euskara uztartuz ondo pasatzeko giroa sortzea da asmoa”.