Lekeitioko kaleak dantzaz beteko dituzte inude eta artzainek
Zapatuan [martxoak 26] egingo dute dantzan herrian zehar; Trinkete etxetik irten eta Paskual Abaroa Etorbidera arte joango dira.
Etorkizuna dantza taldeko iñude eta artzainak kalejira egingo dute, zapatuan [martxoak 26], 12:30ean, Lekeition zehar. Trinkete etxetik irten eta Paskual Abaroa Etorbidera arte auzorik auzo eta kalerik kale ibiliko dira, hurrengo ibilbidea eginez: Trinkete etxea, Eusebio Mª Azkue, Maria Diaz de Haro, Merkatua, Paskual Abaroa, Tala, Ezpeleta, Arranegi Zabala, Marina albotik plazara, Uribarren, Gamarra, Independentzia plaza eta Paskual Abaroa Etorbidea.
Urtero modura, dantza saio bi egingo dituzte Etorkizunako dantzariek bi toki ezberdinetan. Independentzia Plazan eta Paskual Abaroa Etorbideako oinezkoen gunean egingo dituzte erakustaldiak.
Inauteriekin lotutako ospakizun horrek, garai batean menditik jaisten ziren artzainek eta hiriko inudeek, hau da, aberatsen ume txikiak zaintzen zituzten neskameak, elkarren artean zelan ibiltzen ziren, neskatan edo mutiletan, irudikatzen du.