Mutrikuko Pala Txapelketako finalak lehiatuko dira
Zapatuan [martxoak 26], 9:00etan, lehiatuko dira hiru mailetako finalak.
2022ko Mutrikuko Binakako Pala Txapelketako finalak lehiatuko dira, zapatuan [martxoak 26] 9:00etan, Miruaitzen.
Urtarrilean abiatu zen txapelketa, eta 34 bikotek izena eman zuten, eta aipatu dutenez, inguruko herrietako jende asko animatu zen. 8 bikotek lehiatu dute 1.mailan, 12 bikotek 2. mailan eta 14 bikotek 3.mailan. Antolatzaileek aipatu dutenez, “giro paregabea” egon da eta pandemia dela eta jende gutxiagok parte hartu duen arren, jendea “bereziki gogotsu” etorri da. Maila handia erakutsi dute kategoria guztietako pilotariek eta, urtez urte maila handiagotzen ari dela nabarmendu dute.
Kategoria bakoitzeko bi bikote onenen artean txapeldun bilakatzeko lehia burutuko da zapatuan. Lehenengo mailan, Kepa eta Gorka arituko dira, Jokin eta Erleagaren aurka. Bigarren mailan, Landa eta Olazabal, Joxemi eta Ametzaren aurka. Hirugarren mailan, berriz, Julen-Martin, Fermin eta Iosuren aurka lehiatuko dira.