Talaia Jatetxea eta Aulestiko Ibekohondo, Kinttopeko zaldi-mando probako irabazle
Joan den domekan eta astelehenean Kinttopeko zaldi-mando probrak lehiatu dituzte Aulestin, eta datorren asteburuan nahiz datorren astelehenean ere izango dira probak.
Kinttopeko eta zaldi-mando sariketak egiten ari dira egunotan, Aulestin. Domekan [martxoaren 20a] Kinttopeko zaldi-mandoen probagaz abiatu zuten lehiaketa: Berriatuako Belaustegi, Bermeoko Rafa Alegria eta Zumaiako Talaia Jatetxea aritu ziren. Probak 18:00etan abiatu zituzten, eta Imanol Erleaga eta IƱaki Erleaga izan ziren epaile lanak egin zituztenak. Astelehenean [martxoaren 21a], ostera, bigarren tanda lehiatu zuten. Bigarren saio horretan ere hiru parte-hartzaile izan ziren: batetik, Aulestiko Ibekohondo; bestetik, Azkoitiko Txibilter; horiez gain, Samanoko (Kantabria) Jose Iturriaga. Bigarren tanda hori 20:00retan hasi zuten.
Domekako proban Talaia Jatetxea nagusitu zen, Belaustegiren eta Rafa Alegriaren aurretik, hurrenez hurren. Astelehenean, aldiz, etxean lehiatu zuen Ibekohondok irabazi zuen, Txibilterren eta Jose Iturriagaren aurretik. Sailkapenean Jose Iturriaga dago lehendabiziko postuan. Ostean, Belaustegi eta Rafa Alegria daude, eta, ondoren, berriz, Ibekohondo, Talaia Jatetxea eta Txibilter. Datorren asteburuan ere zaldi-mando probak izango dira Aulestin: hilaren 26an, 27an eta 28an. Zapatuan, Gamiz-Fikako Torrontegi, Guziezoko (Kantabria) Fermin Santamaria eta Jose Iturriaga lehiatuko dira, 20:00retatik aurrera. Domekan, Aulestiko Koba, Mungiako Taberna Goieta eta Samanoko Sergio Iturriaga arituko dira nor baino nor gehiago, 18:00etan hasita. Proben zikloa datorren astelehenean amaituko dute, 21:00etan; Mungiako Garcia Alabak eta Nabarniz Taberna lehiatuko dira.