Berdel Aipamena, 25 urtez egindako lanari errekonozimendua
Barikuan [martxoak 25] izan zen Mutrikuko Udalak antolatutako 2022ko Berdel Aipamena. Aurtengoa, 25. Berdel Eguna izanik, urte hauetan lanean ibili diren guztiei merezitako errekonozimendua eskaini diote.
Berdel Aipamena urtero eragile edo talde bati eman ohi dio Mutrikuko Udalak, herriaren irudia kanpora proiektatu izan duelako edo herriarengatik egindako lana nabarmendu nahi izan delako. Baina aurtengoa ezberdina izan da, 25. Berdel Eguna izanik, jai hori aurrera eramateko lan egin duten guztiei errekonozimendua egitea izan du helburu Berdel Aipamenak.
Udaletik aipatu dutenez, ez da erraza izan errekonozimendu hori lan egin duten guztiei zuzenean egitea, asko izan baitira, eta antolatzaileen artean aldaketa asko egon dira medio. Baina, ahalegin bat egin da udaletik eta benetan eskertza bat egin nahi izan diote herritarrei, “herri honen izaera nolakoa den erakusten duen zerbait badago, hori Berdel Eguna da, eta horrek Udala harro sentiarazten du”.
Errekonozimendu hori merezi dutenak asko izanik, lehenik, elkarte eta jatetxeen zapi banaketagaz hasi dute ekimena, urteetan pintxoak egin izan dituztenei esker ona helarazteko asmoz. Bost zapi banatu dira guztira: Justo Pagolari (San Juan jatetxea), Luis Alburquerqueri (Pikua jatetxea), Pantxo Bedialaunetari (Cantabrico jatetxea), Gorka Urreztiri (Jarri Toki) eta Valentin Zumalaberi.
Ondoren, Ohorezko Berdel Laguntzaileen txanda heldu da. Urteetan laguntzen ibili ondoren Berdel Eguneko lanketak utzi dituztenei pin banaketa, “denek lagundu dute era batera edo bestera, pintxoak egiten, marmitakoak prestatzen, muntaketan, zerbitzatzen…”. Hauek izan dira oholtzara igo direnak: Javier Andres Camino, Ana Mari Elezgarai, Itziar Aristondo, Rosa Mari Osa, Arantxa Esnaola, Rosa Mari Elordi, Jose Luis Mancisidor, Mari Pilar Garagarza, Flora Tejeda, Andres Rodriguez, Marta Elezgarai, Jose Manuel Larrea, Manoli Maneiro, Mari Pe Nuñez, Pedro Mari Gimeno, Juano Barrenetxea, Arantxa Ugarte, Bene Garagarza, Jesus Mari Arrizabalaga, Valen Momotio, Mari Mila Barrenetxea, Eloisa Huertos eta Mari Juli Azkue.
Aipatutakoekin batera, azken urteetan gure artetik joandako batzuei ere aipamena egin diete: Xabier Mendiguren, Poldi Barrios, Milagros Arizmendi eta Kepa Astigarraga.
Azkenik, ekimena borobiltzeko, bertso sorta bat eskaini diote aipatutako guztiei, beraien lanari merezitako errekonozimendua emateko.