Herrian izandako eraso matxista salatu dute Markina-Xemeinen
'Erasotzailik herritxik kanpora!' lelopean adierazi da eraso matxistarekiko gaitzespena, Arkupean egindako elkarretaratze jendetsuan.
Markina-Xemeingo Bagaittun emakume talde feministak deituta, elkarretaratzea egin da gaur [martxoak 26] , 13:00etan, Markina-Xemeingo Arkupean, herrian izandako erasoa salatzeko, eta asko izan dira hurbildu diren herritarrak.
Beste eraso bat salatzeko batu direla esanez hasi dute irakurketa Bagaittun taldekoek, “beste bat, ez delako lehenengoa, eta badakigulako ez dela azkenengoa izango”. Indarkeria matxista egunero eta edonon ematen dela azpimarratzeaz gain, herrian gertatzen dena jarri dute erdigunean, “gure herrian eta gure kaleetan ere beldurra sentitzen dugu”.
Herria. “Gure jatorria, arraza eta klase sozialaren araberako lekua dugu munduan eta baita herrian ere, horren arabera balio gehiago edo gutxiago du gure hitzak, eta baita gure bizitzak. Horren arabera sinisten digute, edo ez”. Elkartetik gehitu dutenez, urrun sumatzen diren erasoak argi identifikatu eta salatzen dira, baina “zer gertatzen da erasotzailea herriko semea dela esaten digutenean? gure laguna dela?”.
Guzti hau sistema patriarkalaren ondorio dela esan, eta sistema hori mantentzen duten hiru euskarritan ezarri dute begirada Bagaittun taldekoek: epaitegiak, polizia eta komunikabideak.
Erasoa salatzeaz gain, egiturazko arazo honen aurreko erantzuna feminismoa dela argi utzi dute. Eta mezu zuzen batekin bukatu dute “Guk sinisten dizugu eta beti sinistuko dizugu”.